16:41

Politika

Gerra komertziala

Espainiako Gobernuak 14.000 milioitik gorako egitasmoa onartu du AEBko muga-zergen eragina murrizteko

Agentziak | EITB Media

Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroak azaldu duenez, egitasmoaren helburua "konfiantzazko" mezua helaraztea da, eta "erabakiak hartzeko orduan burua hotz jokatzea" eskatu du.

  • Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroaren agerraldia. Argazkia: EFE

    Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroaren agerraldia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ministroen Kontseiluak lege-dekretua onartu du gaur, Ameriketako Estatu Batuetako muga-zerga berrien eragina murrizteko Espainiako Gobernuak diseinatutako egitasmoarekin. Planak 14.000 milioi euro baino gehiago dakar, eta horietatik gutxienez 7.400 milioi finantzazio berria dira.

Hala iragarri du Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroak kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Espainiak AEBra egiten dituen esportazioen % 80k (18.179 milioi 2024an) muga-zergen eragina nabarituko dutela uste du Exekutiboak, eta kalte handiagoa izango dute salmenten hiru laurden estatu horri egiten dizkioten 500 enpresa esportatzaileek.

Barne Produktu Gordinari (BPG) eragin diezaiokeen kalteari buruz galdetuta, Cuerpok esan du goiz dela hori jakiteko, baina ez dela oso nabarmena izango. "Hamarren" batzuk izango direla uste duten adituak aipatu ditu ministroak, nahiz eta beste batzuek BPGaren puntu erdiraino iritsiko dela aurreikusi.

Ministroak azaldu duenez, egitasmoaren xedea  "konfiantzazko" mezua helaraztea da, eta "erabakiak hartzeko orduan burua hotz jokatzea" eskatu du. Hala ere, berretsi du AEBkiko harremana "estrategikoa" dela eta "babestu eta hobetu" egin behar dela, Espainiaren kasuan Europar Batasunetik (EB) kanpo merkataritza bazkiderik "handiena" baita.

Ziurtasuna eta nazioartekotzea

Planak bi ardatz nagusi dakartza: batetik, enpresei eta langileei ziurtasuna ematen saiatzen da, likidezia falta eta eskaeren murrizketa arazo koiunturalen bat gertatzen denean laguntzeko; eta, bestetik, epe ertaineko ikuspegia du, enpresek nazioartera jo dezaten.

Lege-dekretuan sartzen diren neurrietatik, "gaur bertan" 5.000 milioiko abalen ICO lerroa aktibatuko da, produkzioari eta enpleguari eusten lagunduko duen finantziazioa errazteko; eta Esportaziorako Kreditu Aseguruen Espainiako Konpainiaren (CESCE) 2.000 milioi mobilizatuko dira, kaltetutako enpresak nazioartera jo dezaten laguntzeko.

Cuerpok gaineratu duenez, Enpresa Nazioartekotzeko Funtsa ere martxan da, eta 720 milioi euroko aurrekontu-partida bideratuko da horretara.

Kongresuak baliozkotu beharko duen lege-dekretuak neurri gehiago jasotzen ditu, hala nola ICO finantziazio-lerro bat (1.000 milioi euro), MOVES II plana (400 milioi), inbertsio industrial produktiborako funts bat (200 milioi) eta RED mekanismoa, aldi baterako lan-erregulazioko espedienteek kaltetutako enpresek beren plantillak manten ditzaten diruz laguntzeko, jarduera berriz suspertu arte.

Bestalde, egitasmoa "irekia" dela azpimarratu nahi izan du ministroak, eta, horretarako, gizarte-eragileekin, kaltetutako sektoreekin, talde parlamentarioekin eta erkidegoekin hitz egiten jarraituko dute.

Era berean, ostegunean konferentzia sektoriala deituko dela gogorarazi du Cuerpok. Bertan erkidegoetako merkataritza kontseilariak izango dira, "guztion artean herri-egitasmo" bat egiteko, "oso dinamikoa" den egoeraren aurren erantzuna egokia izan dadin.

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen