12:32

Politika

MUGIMENT EKINTZA PLANA

Eusko Jaurlaritzak jarduera fisikoa sustatu eta herritarren ongizate integrala bultzatzeko plana aurkeztu du

EITB Media

2025-2030 Mugiment Ekintza Plana Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dute hurrengo egunetan, talde politikoen ekarpenak jaso eta horien bidez plana indartzeko.

  • Emakume bat kirola egiten, artxiboko irudi batean

    Emakume bat kirola egiten. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak 2025-2030 Mugiment Ekintza Plana aurkeztu du, herritarren jarduera fisikoaren maila hobetzen laguntzeko eta gizartearen ongizate integrala eta osasuna bultzatzeko tresna.

Hala adierazi du Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Planaren metodologia erabat parte-hartze bidezkoa eta dinamikoa dela azpimarratu du sailburuak eta, beraz, EAEko jarduera fisikoaren sustatzaile guztiak gonbidatuko dituzteMugiment Ekintza Planean parte hartzera, bereziki, Jarduera Fisikoaren Legeen aginduak betetzen dituztenei.

Bengoetxeak azaldu duenez, lehenik eta behin dokumentua Eusko Jaurlaritzaren baitan landu dute, sailen ekarpenak jasoz. Gero, hurrengo pausoa plana Eusko Legebiltzarrean aurkeztea izango da, xehetasun guztiak emateko eta ekarpenak jasotzeko —agerraldia eskatuta dago—. Halaber, Mugiment Mahaia osatuko duten udal, aldundi eta sektoreko eragileekin lan-saio bat antolatuko dute, planaren xehetasunak azaldu eta ekarpenak jasotzeko.

Horrez gain, planaren gardentasuna azpimarratu du sailburuak. Horren esanetan, planak jasotzen dituen konpromisoak kontsultatzeko aukera izango da horretarako egokitu den webgunean.

2025-2030 Mugiment Ekintza Planaren helburua, ikuspuntua eta leloa

Ekintza planaren helburua edo misioa da "pertsona orok bizitza aktiboa izatea ahalbidetuko dion ingurune seguru eta egokiez, eta aukera ezberdinez gozatu ahal izango duela bermatzea, norbanakoen zein komunitatearen osasuna hobetzeko eta Euskadiko garapen sozial, kultural eta ekonomikoan laguntzeko".

Planaren leloa, berriz, ondorengoa da: Pertsona aktibo gehiago, Euskadi sasoi onean egon dadin.

Hori da planaren ikuspuntu nagusia. Ikuspegi horren barruan, zazpi ardatz nagusi daude: Giza eskubideen ikuspegia; Ekitatea bizitza osoan; Ebidentzian oinarritutako jarduna; Unibertsaltasun proportzionala; Politika-koherentzia eta osasuna politika guztietan; Agintari, gizarte, familia eta komunitateak inplikatzea eta ahalduntzea; eta Sektore anitzeko lankidetzak".

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen