Politika
ZORRA BARKATZEA
EITB Media
Pradales lehendakariak aurreratu duenez, Batzorde Mistoaren hurrengo bileran Euskadiren zorraren malgutzea "formalki" planteatuko du, ziurgabetasunez betetako egoera geopolitikoaren aurrean aparteko baliabideak izateko.
Azkenean erregimen komuneko autonomia erkidegoen zorra kitatzea onartzen bada, Eusko Jaurlaritzak bere zorra malgutzea eskatuko du.
Imanol Pradales lehendakariak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin du iragarpena, PPk egindako galdera bati erantzunez. Otsailaren amaieran, erregimen komuneko autonomia erkidegoei 83.252 milioi euroko zorra barkatzeko proposamena onartu zuen Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluak (CPFF), Alderdi Popularra aurka agertu arren.
Pradalesek aurreratu duenez, Batzorde Mistoaren hurrengo bileran "gure zorraren muga malgutzea planteatuko dugu formalki, aparteko baliabideak izateko, ziurgabetasuneko egoera geopolitikoaren eta herri gisa ditugun eraldaketa-erronken aurrean".
Gainera, zorraren kitatze horrek 2027-2031 bosturteko Kupoaren Lege berrian izan ditzakeen finantza-ondorioak "neutralizatzea" eskatuko du.
Azkenean kitatze hori gauzatzen bada, 83.000 milioi euroko zorra ez dela desagertuko nabarmendu du lehendakariak, Estatuaren esku geratuko baita. "Eta hori garrantzitsua da, kupoari dagokionez, ordaindu beharreko kontua handiagoa izango litzatekeelako; izan ere, kupoaren bidez, zor publikoari eta haren interesei lotutako Estatuaren kargen % 6,24 hartzen dugu gure gain", gaineratu du.
"Zorrak kitatzea onartzen bada, Euskadiren interesak defendatuko ditugu eta neurri zehatzak planteatuko ditugu", iragarri du lehendakariak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa