Politika
Manifestazioa, Baionan
Erredakzioa
Hainbat alderditako zenbait ordezkari politikok babestu egin dute astelehen honetan Baionan egin duten manifestazioa. Batzuek bilera egin dute gero, Gobernuko ordezkariarekin.
500 lagun inguru bildu dira astelehen honetan Baionan, Aurore Martin Batasuneko kidearen atxiloketa salatzeko. Bakebideak, Iparraldeko hainbat alderdik, sindikatuk eta gizarte eragilek osatzen duten mugimenduak, deitu du manifestazioa.
Bilkuran, Bakebideko kideak eta Iparraldeko hautetsi nagusiak egon dira, besteak beste. Izan ere, Iparraldeko gehiengo politikoko kideak bildu ditu Baionako protestak.
Ordezkaritza horretako hamar bat kide (Fronte Nazionala salbu) Gobernuko ordezkariarekin bildu dira ondoren. Egoitza aurrean polizia hesia aurkitu dute elkarretaratzea egitera joan direnek, baina hamar laguneko ordezkaritza horri barrura sartzen utzi diote, eta François Hollande presidenteari zuzendutako gutun bat aurkeztu dute bertan.
Idatzi horretan, ''bake prozesua errazteko Euskal Herrian izan den aldaketa politikoa kontuan izantea'' eskatu diote presidenteari, Colette Capdeviell diputatu sozialistak kazetariei azaldu dienez.
Jean Jacques Lasserre MODEM alderdi zentristako kideak esan duenez, ''Euskal Herriko bake prozesuaren alde'' egin dute bilera horretan.
Max Brisson UMP alderdi kontserbadoreko ordezkariak, berriz, Aurore Martin aske uztea eskatu du. Halaber, Martinen atxiloketa ''ezustekoa'' izan zela esatean Frantziako agintariek erakutsitako ''zinismo politikoa'' salatu du.
Frantziako Poliziak ostegun arratsaldean atxilotu zuen Aurore Martin Maulen (Zuberoa), errepide kontrol batean, eta espainiaratu egin zuen.
''Ez zen klandestinitatean bizi''
Manifestazioaren ondoren, Aurore Martin ''klandestinitatean'' bizi ez zela argitzeko ohar bat bidali du atxilotuaren familiak, eta, bertan, hori frogatzeko zenbait izapideren berri eman dute. Hala, 2011ko ekainean nortasun agiria berritzeko eskaera aurkeztu zuen Martinek Baionan bertan, familiak azaldu duenez.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa