Politika
Euzkadi Buru Batzar
EITB MEDIA
Andoni Ortuzarrek eta Markel Olanok uko egin diote hautagaitzari. Hartara, otsailaren 26an bukatuko den bigarren fasean hautagai bakarra izango du EBBren lider izateko lehiak.
Aitor Esteban. Argazkia: EFE
EAJk astelehenarekin ekingo dio Euzkadi Buru Batzarra berritzeko barne-prozesuaren bigarren itzuliari, jeltzaleen Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban buru duela. Hain zuzen ere, martxoaren 29an eta 30ean Donostian egingo duten IX. Batzar Nagusian izendatuko dute EBBko buruzagi.
Iragan ostegunean, EAJren jarduneko presidente Andoni Ortuzarrek uko egin zion hautagaitzari, karguan 12 urte eman ostean. Sare sozialen bidez zabaldu zuen jelkideei idatzitako gutuna, eta bertan esan zuen alderdiaren buruzagitza hartzeko "nahikoa anbizio" duen beste hautagai bat (Estebani zeharkako aipamena eginez) dagoela ikusita, eta hautagaitzen arteko norgehiagoka saiheste aldera, atzera egingo zuela eta buruzagitza lortzeko lehiatik aldenduko zela.
Handik gutxira, Aitor Estebanek jakinarazi zuen barne-prozesuan jarraitzeko "ardura" bere egiten zuela. "Aukeratzen banaute, nire onena emango dut belaunaldi berriek eskatzen dituzten erronkei aurre egin ahal izateko", adierazi zuen.
Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi Markel Olanok ere uko egin zion otsailaren 26an amaituko den bigarren itzulian bere burua aurkezteari. Oraingo honetan, goitik behera berrituko dute alderdia, presidentea ere aldatuko baita.
Martxoaren 30ean Ortuzarren lekukoa hartu arte, baina, Kongresuko eginkizunekin jarraituko du Estebanek.
Bigarren itzulia
Barne-prozesu horretako bigarren itzulian, 200 batzokik baino gehiagok bozkatuko dute, eta EBBko presidente berria ez ezik, zuzendaritzako zortzi burukideak ere aukeratuko dituzte.
Behin bozketa amaituta, herrialde batzarrak egingo dituzte otsailaren 27tik martxoaren 6ra.
Aberri Batzarrean, Batzar Nagusiaren baitan, ehun bat pertsonak eman dezakete botoa. Bizkaiko Herrialde Batzarrak 38 ordezkari ditu, Gipuzkoakoak 19, Arabakoak 18, Nafarroakoak 15, eta Iparraldekoak 5. Gainera, Madrilek, Argentinak, Txilek, Mexikok eta Venezuelak ordezkari bana dute.
Esan bezala, martxoaren bukaeran egingo duten Batzar Nagusian hartuko dute kargua EBBko presidenteak eta zortzi burukideek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa