Politika
SOZIOMETROA
O. A. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzaren inkestaren arabera, EAJk (28) eta PPk (8) ordezkari bana irabaziko lukete. PSE-EEk behera egingo luke, legebiltzarkide bat galduta, eta Sumar Eusko Legebiltzarretik aterako litzateke. EH Bilduk (27) eta Voxek (1) eutsi egingo liekete egungo ordezkari kopuruei.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak gaur egingo balira, EAJ nagusituko litzateke ordezkari bat irabazita (28) eta EH Bilduri ordezkari baten aldea aterata (27), Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako boto-aurreikuspenaren arabera. Hortaz, bi alderdien artean dagoen berdinketa desegingo litzateke.
PSE-EE hirugarrena litzateke (11), bat galduta, eta PP, laugarrena, bat gora eginda (8). Voxek egungo ordezkari bakarrari eutsiko lioke; ez, ordea, Sumarrek.
Emaitza horiek baieztatuz gero, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek (EAJ eta PSE-EE) gehiengo osoa izaten jarraituko lukete, bien artean 39 ordezkari batuta.
Lurraldez lurraldeko banaketari erreparatuta, Araban Sumarrek galduko lukeen ordezkaria EAJk irabaziko luke, eta Gipuzkoan PSE-EEk eserleku bat galdu eta PPk irabaziko luke. Bizkaian ez litzateke aldaketarik izango.
Araban, EH Bilduk irabaziko luke berriro boto-estimazioan, baina berdindu egingo luke eserleku kopuruan EAJrekin, bakoitzak 8 eskuratuta. PSE-EE (4), PP (4) eta Vox (1) egun dauden bezala geratuko lirateke, eta Sumarrek egungo legebiltzarkide bakarra galduko luke.
Boto-portzentajeari dagokionez, EH Bilduk (% 28,6) 0,9 puntuko aldea aterako lioke EAJri (% 27,7), eta berdinketa teknikoa egongo litzateke PSE-EEren (% 16,0) eta PPren (% 15,9) artean. Voxek, berriz, botoen % 4,1 eskuratuko lituzke.
EAJk hegemoniari eutsiko lioke Bizkaian, 11 legebiltzarkiderekin, EH Bilduren (8), PSE-EEren (4) eta PPren (2) aurretik.
EAJk eta EH Bilduk boto-portzentajearen bi heren baino gehiago bereganatuko lituzkete, % 39,7 eta % 28,0 hurrenez hurren, eta herena PSE-EEk (% 13,9) eta PPk (% 8,9).
Gipuzkoan, EH Bildu gailenduko litzateke berriro, 11 eserleku lortuta, EAJren aurretik (9). PSE-EE 4 izatetik 3 izatera igaroko litzateke, eta PP, berriz, 1etik 2ra.
Boto-portzentajea honela geldituko litzateke Gipuzkoan: EH Bilduk botoen % 39,8 lortuko lituzke, EAJk % 31,5, PSE-EEk % 13,3 eta PPk % 6,7.
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak urtarrilaren 28tik 31ra egin zuen boto-asmoari buruzko inkesta, 3.030 elkarrizketa eginda.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa