Politika
MEMORIA
eitb media
Lasa eta Zabala torturatu zituzten jauregiari erabilera hori ematea eskatu dute zenbait elkartek, tartean, GALek hildako tolosarren senideek. PP soilik agertu da aurka.
Donostiako La Cumbre jauregia Estatuak egindako indarkeriaren biktimak oinarri izango dituen memoria gune bihurtzeko proposamena aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubide eta Kultura Batzordean biktima horiek batzen dituzten elkarteek, Aranzadik eta Lasaren eta Zabalaren sendiek.
2022ko Memoria Demokratikoaren legeak jaso zuen La Cumbre Jauregia Donostiako Udalaren esku uztea, EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioaren ondoren.
Oro har, harrera ona izan du aurkeztutako ekimenak, Alderdi Popularraren salbuespenarekin. ETAren biktimak baztertzen dituen egitasmoa da, PPren ustez.
Jorge Mota PPren ordezkariak —1990ean ETAk anaia hil zion— esan du ETAren biktimek La Cumbren "lekurik ez izatea juridikoki zalantzagarria" dela, eta "injustizia" horrek "gertatutakoa faltsutzen" duela.
Era berean, azpimarratu du indarkeriaren egile nagusia ETA izan zela eta hark eragindako biktimak baztertzea "lotsagarria" dela.
Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren arrebek PPren batzarkideari, Jorge Motari, erantzun diote ez dagoela bazterketarik, Gasteizen ETAren biktimek duten gunea eta La Cumbren egin litekeena osagarriak izan litezkeelako.
Javi Bucesek (Aranzadi) esan du lekua "Estatuaren errepresioa" irudikatzeko izateak baduela "bere logika", eta azpimarratu du "memoriarako guneak sortzen" ari direla, "elkar hartuta" jardun dezaketela, eta gune bakoitzak "biktima mota bat" har dezakeela.
Bestalde, Pili Zabalak esan du Hego Euskal Herrian orain arte poliziaren 461 biktimaren kasuak aitortu dituztela, eta "garrantzitsua" dela horien "sufrimendua arintzeko arreta jasotzea".
Proposamenaren arabera, La Cumbren, besteak beste, Lasa eta Zabalaren kasua jasoko lukeen erakusketa iraunkor bat egongo litzateke, ikerketarako gune bat eta biktimei arreta psikosoziala emateko zerbitzu bat. Estatuaren indarkeriaren biktimek egia, errekonozimendua eta ordaina aurkituko duten leku bat izatea da helburua, azken batean.
Dena den, beste kezka bat azaldu dute gaur Aranzadik, Lasaren eta Zabalaren familiek, EH Bilduk eta Podemosek: Espainiako Gobernuak eta Donostiako Udalak ez dute oraindik La Cumbre Udalaren esku uzteko hitzarmena sinatu, 2022an EH Bildurekin adostu zen arren. Lagapen hori lehenbailehen gauzatuko den esperantza azaldu dute gaur EAJk eta PSE-EEk.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa