Politika
ENERGIA ZERGAK
A. S. | EITB MEDIA
EAJk Kongresuan duen bozeramaileak berretsi du euren botoa "ezezkoa" dela, neurriak Kontzertuaren sistema hausten duelako. Espainiako Gobernuak neurri sorta bat onartuko du astelehen honetan, urteko azken Ministro Kontseiluan, besteak beste, enpresa energetikoei ezarritako karga 2025era luzatzea.
Aitor Esteban
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak adierazi du astelehen honetan EAJk energia enpresen kargaren aurka bozkatuko duela, neurri horrek "Kontzertu sistema hausten" duela iritzita. Horren ildotik, gogorarazi du EAEko funtzionamendua "hemen sortzen dena biltzea" dela, eta adierazi du honekin guztiarekin "Podemos plantak egiten ari dela".
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Estebanek esan du ez daudela "batere ados zerga bidezko gai bat karga bidez egitearekin"; izan ere, EAJren bozeramailearen arabera, "azkenean, foru erkidegoekiko harremanen printzipioa erabat hausten du horrek", eta hitzartu beharreko gaia dela iritzi dio.
Podemosek gai honetan hartu duen jarreraren inguruan esan du "ez dagoela muinik": "Hemen planta asko dago, baina mami gutxi". Era berean, kritikatu egin du Podemosek giroa gaiztotu izana.
Espainiako Gobernuak neurri sorta bat onartuko du astelehen honetan, urteko azken Ministro Kontseiluan. Neurri horien artean, energia enpresei ezarritako karga luzatzea dago, Diputatuen Kongresuak joan den astean onartu zuen zerga indargabetu aurretik indarrean sar dadin. Alderdi Popularrak, Voxek, EAJk eta Juntsek babestu zuten indargabetzea.
EAJren diputatuarentzat industria energetikoa "funtsezkoa da, diru sarreren ehuneko oso garrantzitsua dakarkielako bai osasunari, errepideei, eta hezkuntzari, eta lanpostu asko sortzen dituelako". Gainera, "deskarbonizaziora bidean" energiaren alorrean "inbertsioak egitea" beharrezkoa dela uste du Estabanek.
Hala, jeltzaleek Madrilen duten bozeramailearen esanetan, "arazoa da ez dela nahikoa ordaintzen esparru batzuetan (bankuek, energia enpresek eta beste enpresa handi batzuek), arazoa sozietateen gaineko zerga da", eta, hortaz, "hori berrikusi dezatela, litekeena delako gaizki diseinatua egotea".
Lanaldi murriztua
Asteko lanaldia 37,5 ordura murrizteko Lan Ministerioaren planteamenduaz galdetuta, Aitor Estebanek esan du alderdi jeltzaleak "dramatismorik gabe" ikusten duela proposamena, baina "letra txikia" ere ongi aztertzea komenigarria dela.
Bestalde, esan du "dramatismorik gabe" ari direla hizketan Euskadik Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa kudea dezan, eta negoziatzeko "borondatea" ikusten duela akordio bat erdiesteko.
Azkenik, Euskal Y-a Nafarroarekin lotzeko txosten teknikoak aurrera doazela nabarmendu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa