13:58

Politika

2025eko aurrekontuak

Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzaren 2025erako aurrekontuak onetsi ditu, EAJren eta PSE-EEren botoekin

EITB MEDIA

Oposizioko talde guztiek, EH Bildu tartean dela, Gobernuaren egitasmoaren aurka bozkatu dute. Jaurlaritzak 15.728 milioi euroko aurrekontua izango du, horrenbestez, datorren urterako.

  • Andueza, D'Anjou eta Pradales, elkar agurtzen, gaurko bilkuran.

    Andueza, D'Anjou eta Pradales, elkar agurtzen, gaurko bilkuran. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ez da ezusterik izan. Eusko Legebiltzarrak 2025eko aurrekontu proiektua onartu du, Eusko Jaurlaritza osatzen duten taldeen babesarekin —39 boto, EAJ eta PSE-EE taldeenak— eta oposizio guztiaren kontrako botoekin (36 boto, EH Bildurenak barne).

Kontuak onartuta, Eusko Jaurlaritzak eskura izango ditu egitasmoak aurreikusitako 15.728 milioi euroak. Aurten baino 703 milioi gehiago dira, % 4,7 gehiago, alegia. Aurrekontuok 1.531 milioi bideratzen dituzte inbertsio publikora, 2024koak baino % 8,8 gehiago. Honako sailek dituzte partida handienak: Osasun Saila (5.115 milioi euro), Hezkuntza (3.247 milioi); Ekonomia, Lana eta Enplegua (1.225 milioi), eta Segurtasuna (796 milioi).

Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, batez ere EH Bildu izan dute jomuga, eta adostasunaren kaltean, "komunikabideak lehenestea" leporatu diote.

Horren aurrean, oposizioko taldeek exekutiboaren aurrekontu proiektuarekiko duten kontrako jarrera (EH Bildu, PP, eta Sumar eta Vox, biak ala biak Talde Mistoan). Denek bat egin dute esatean EAJk eta PSE-EEk negoziatzeko erakutsitako borondate faltan, eta "erantzunik ezan".

Taldeen hitzarteak

Eztabaidan zehar, Alaitz Zabala EAJren legebiltzarkidea pozik agertu da EAEk 2025erako aurrekontuak izango dituelako, eta jeltzaleen eta sozialisten "adosteko gaitasunari" egotzi dio, bion ideologiak "guztiz ezberdinak" diren arren. Kontrara, oposizioaren jarrera gaitzetsi du: "Beste urte batez, ez zarete zuon interes alderdikoiak bazter utzita, akordiora biltzeko gai izan". Horren ildoan, EH Bildurekin bereziki kritiko azaldu da, uste baitu "komunikabideetan egotea lehenetsi duela, zer eta gobernuari zaplaztekoa emateko".

Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak aurrekontuen negoziazioan EAJk zein PSE-EEk izan duten "diskurtsoa" deitoratu du. Azaldu duenez, bi alderdiek helarazi nahi izan dute jendarteari "berdin zaiola" norekin adostu, EH Bildurekin ala PPrekin. Horren ustez, jarrera horrek ez dio laguntzen hazten ari den "desafekzio politikoari eta nagusitzen ari den diskurtso atzerakoiari". Horrez gain, etxebizitzaren inguruan koalizioak egindako hainbat proposamenari Jaurlaritzak emandako "erantzun falta"rekin kezkatuta agertu da. Nolanahi ere, koalizioak elkarrizketarako duen borondatea berretsi du, "politika estrategikoak identifikatze aldera". Autogobernua ahotan, estatus politikoaren eztabaidan 2025ak "erabakiorra" izan behar duela azpimarratu du. "Lurzoru komun bat eraiki eta horren gainean herri adostasun funtsezkoak ezarri behar dira", aldarrikatu du.

2:06

PSE-EEren izenean, Ekain Rico legebiltzarkideak nabarmendu du aurrekontuen helburua biztanleriaren "ongizatea haztea" dela, eta ez "talde bakoitzak bere kontakizuna egitea". Oposizioa jomugan jarri du buruzagi sozialistak, eta "agerian" geratu dela azpimarratu: "Deseroso daude ez dituztelako aurrekontu sozial batzuk babestu". EH Bildurekin bereziki kritiko azaldu da Rico, eta "antzerkia" egitea leporatu dio, ez baitu "gai garrantzitsu bakar bat ere proposatu", horren ustez.

Javier De Andres EAEko PPko presidente eta bozeramaileak Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua kritikatu du hainbat esparrutan, hala nola, migrazio, industria edota etxebizitza arloan. Bigarrenari buruz, azpimarratu du Jaurlaritza "defentsiban" dagoela, eta etxebizitza alorrean "gauzak egiteak" ez duela esan nahi "ondo" egiten ari direnik. Hala, jeltzaleei eta sozialistei Euskadi "gainbeherara" eramatea leporatu die. 

Jon Hernandez Sumarren legebiltzarkidearen ustez, Jaurlaritzaren aurrekontuak "kontinuistak", eta eurek baztertzen duten "eredu politiko baten bidaia orria ezartzen dute, EAJrena, alegia". Hori horrela, "ezinezkoa" zen akordio bat "antzezteari" uko egin diotela nabarmendu du.

Azkenik, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak nabarmendu duenez, proiektua "erabat baztertzen" dute, euren taldearekiko "antipodetan" dagoelako. Besteak beste, Osakidetzan egindako murrizketak salatu ditu, eta era berean, euskalduntzeari "nahi beste" diru ematea.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena