Politika
IKERKETA
Begoña Gomezek lehen aldiz deklaratu du epailearen aurrean, bere abokatuaren galderei erantzunda
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aurreko zitazioetan, ez deklaratzeko eskubidea baliatu izan du Espainiako Gobernuko presidentearen emazteak. Gaur, Madrilgo Complutense Unibertsitaterako software baten kontratazioan ustez iruzurra egiteagatik eman ditu azalpenak.
Begoña Gomez Espainiako Gobernuko presidentearen emazteak lehen aldiz eman ditu azalpenak epailearen aurrean, Antonio Camacho bere abokatuaren galderei erantzunda. Beste salaketa bati egin behar izan dio aurre gaur, Juan Peinado epaileak Hazte Oir erakunde ultraeskuindarrak jarritako salaketa onartu eta gero. Madrilgo Complutense Unibertsitaterako software bat legez kanpo kontratatu zuelakoan, intrusismo eta bidegabeko jabetzea delituak leporatu zizkion magistratuak Gomezi.
Ordu erdi inguru iraun duen deklarazioan, ukatu egin ditu haren kontrako akusazioak: adierazi du ez duela legez kanpoko kontrataziorik egin eta ez duela inoiz Unibertsitatearekin duen harremana erabili dirua bidegabe bereganatzeko.
Gaurkoarekin, hiru aldiz joan da Sanchezen emaztea epailearen aurrera deklaratzera, eta lehen aldiz erabaki du azalpenak ematea. Aurrekoetan, ez deklaratzeko eskubidea baliatu izan du.
Segurtasun arrazoiak direla eta, orain arte bezala, ibilgailu baten barruan sartu da Gomez Madrilgo Gaztelako Plazako auzitegietara.
Gomezen aurkako lehendabiziko salaketak Manos Limpias eskuin muturreko pseudosindikatuak jarri zituen.