Politika
AUZITEGIAK
De Aldama enpresaburua Auzitegi Gorenean da 'Koldo auzia'n deklaratzeko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Daniel Esteve Desokuparen buruarekin batera iritsi da epaitegira, eta ikertu gisa deklaratuko dute Leopoldo Puente epailearen aurrean. Asteartean, Koldo Garciaren txanda izango da.
Victor de Aldama enpresaburua Auzitegi Gorenean da, 'Koldo auzian' ikertu gisa deklaratzeko.
10:00etan zeukan hitzordua Auzitegi Gorenean, eta ordu erdi lehenago iritsi da epaitegira, Daniel Esteve Desokuparen burua alboan zuela.
Leopoldo Puente 'Koldo auzia' ikertzen ari den Auzitegi Goreneko epaileak Victor de Aldama enpresaburuari ez ezik, Koldo Garciari, Jose Luis Abalos mininistro ohiaren aholkulariari, ere deklarazioa hartuko dio aste honetan.
Asteartean, Koldo Garciaren txanda izango da. 2024ko otsailean atxilotu zutenetik, lehen aldiz deklaratuko du epaile baten aurrean ikertu gisa.
De Aldamaren deklarazioak ikusmina eragin du abenduaren 5ean idatzi bat aurkeztu zuelako Gorenaren aurrean, ziurtatuz Abalos ministro ohiarekin hitzartu zuela Madrilgo Castellana pasealekuan zegoen 1,9 milioi euroko balioa zuen pisu bat hari ematea, obra publikoko kontratu batzuen truke etorkizunean eraikuntza-enpresa batzuek egingo zizkioten ordainketen "berme" gisa. Ondorengo egunetan hainbat informazio kaleratu ziren baieztapen horiek gezurtatzeko. Egungo Garraio ministroak, adibidez, adierazi du aipatzen ziren obra publiko batzuk ez zirela inoiz egin, eta beste batzuk Abalosen garaian ez, aurrez edo ondoren esleitu zirela.
Abalos ministro ohiak berak borondatezko deklarazioa egin zuen aurreko astean Gorenean, eta De Aldamak esandakoak gezurtatu. De Aldama berak, aurrez, Auzitegi Nazionalean deklaratu zuenean, adierazi zuen Abalosi 600.000 euro eman zizkiola. Albiste agentzien areabera, Gorenean aurkeztutako azken bertsioari eutsiko dio De Aldamak.
Koldo Garciaren deklarazioa
Asteartean, ikusmin handiena sortu duen beste une bat bizi izango da: Koldo Garciaren galdeketa. Koldo Garcia Abalos Espainiako Garraio ministro ohiaren konfiantzazko gizona eta aholkularia izan zen, eta, Abalosek berak bere deklarazioan baieztatu zuenez, covid-19 pandemia betean ministerio horrek maskarak erosteko hornitzaileak bilatzeko kudeaketa azkartzeko agindu zion.
Gogoratu behar da auzi hau ireki zela De Aldamaren partaidetza duen Soluciones de Gestion enpresari maskarak erosteko kontratu publikoak esleitzean komisio ilegalak egon zirela susmatzen delako. Auziaren ikerketa Auzitegi Nazionalari dagokio baina gaia azalpen arrazoituaren bidez iritsi zen Gorenera, Abalos ministro ohiak zer egin zuen ikertzeko, foruduna baita diputatu izateagatik.
Gorenak Abalosen aurkako auzia abiaraztea erabaki ondoren, De Aldama eta Garcia deitzea erabaki zuen.
Cuca Gamarra. Argazkia: EFE
Cuca Gamarra: "Aste judizial hau Pedro Sanchezen Eguberri aurreko amesgaiztoa da".
Testuinguru horretan, Cuca Gamarra PPren idazkari nagusiak esan du PSOEren hurrengo aste "judiziala" Pedro Sanchezen "Eguberri aurreko amesgaiztoa" dela, De Aldama eta Koldo Garciaz gain, Begoña Gomez Espainiako Gobernuko presidentearen emaztea eta Cristina Alvarez Moncloako aholkularia ere joan beharko baitira auzitegietara.
Gamarrak Toledoko PPren Gabonetako bazkarian egin ditu adierazpenok, eta ustelkeria Gobernuko presidentea "inguratzen" ari dela adierazi du,"oso zaila da jakitea auzi horietatik zeinek duen garrantzi handiena ikuspegi penaletik", azpimarratu du.