Politika
Koldo auzia
Abalosek komisiorik kobratu ez duela ziurtatu eta erantzukizuna Koldo Garciarena dela esan du Gorenean
Agentziak | EITB Media
Hiru orduko deklarazioan, Garraio ministro ohiak baztertu egin ditu, puntuz puntu, Victor de Aldama ustezko ustelkeria sarearen komisionistak bere kontra egindako salaketak.
Jose Luis Abalos Garraio ministro ohia Auzitegi Goreneko epailearen aurrean agertu da gaur, bere borondatez, 'Koldo auzia' ikertzen ari den epailearen aurrean, pandemia betean osasun materiala erosteko kontratuen ustezko banaketa irregularragatik komisioak kobratu zituenik ukatzeko.
Hala, Abalosek ukatu egin du Leopoldo Puente epailearen aurrean Victor de Aldama enpresaburuaren aldetik legez kanpoko komisioak kobratu izana, Ministerioan egon zen bitartean egindako mesede politikoen edo kontratu publikoen truke.
"Ez zen inolako komisiorik egon", esan du PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak, Koldo auzian ustez parte hartzeagatik ikertuak, Auzitegi Goreneko deklarazioaren atarian.
Inolako komisiorik kobratzea ukatzeaz gain, Abalosek Koldo Garcia aholkulari ohiarengan jarri du ikertzen ari diren kontratuen kudeaketaren erantzukizuna, bera baitzen De Aldamarekin harremana zuena, iturri juridikoek jakinarazi dutenez.
Bestalde, Abalosek ez du Espainiako Gobernuko kide bakar bat ere aipatu, eta ez du esan ikerketa politiko bat denik, aldez aurretik iradoki bezala.
Hiru ordu iraun duen deklarazioan, Abalosek baztertu egin ditu, puntuz puntu, Victor de Aldama sarearen komisionistak bere aurka egindako akusazioak eta Guardia Zibilak bere kontra bildutako frogak, Auzitegi Nazionaleko epaileak Gorenean inputatzea eskatzeko balio izan zuen txosten batean.
Ministro ohiaren hitzetan, "ezer ez da esan gabe utzi", eta "ezagutzen eta argitaratu diren hari guztiak ukitu dira". Abalosek uste du epailearen aurrean "azalpen nahikoak" eman dituela, eta bere bertsioa egiaztatuko lukeen dokumentazioa emateko konpromisoa hartu du.
Ikusmin handia eta polemika
Agerraldiak ikusmin mediatiko handia izan du, Kataluniako prozesuaren garaitik Gorenean ikusten ez zen komunikabideen presentziarekin, izan ere, otsailean auzia piztu zenetik Abalosek epailearen aurrean azalpenak eman dituen lehen aldia izan da.
Magistratuak debekatu egin die Auzitegi Gorenean aurkeztutako sei herri-akusaziori, PPri izan ezik, aretoan egotea ministro ohiaren deklarazioa jarraitzeko, eta horrek sortu du eguneko polemika.
Hedabideei egindako adierazpenetan, akusazioek salatu dute erabaki horren helburua "justiziarako sarbidea mugatzea" dela eta "de facto herri akusazioen abolizioa" dakarrela, "berdintasun printzipioa" urratzeaz harago.