Politika
Zergak
Agentziak | EITB Media
Ekimenak aurrera egin zuen, Voxen, ERCren eta EAJren babesa izan zuelako. PSOE eta Sumar energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga ezerezean utziko lukeen proposamen horren aurka daude, eta, Trantsizio Ekologikoko Batzordean egin beharreko tramitazioa atzeratu egin dute.
Elektrizitate dorreak. Argazkia: EFE.
Alderdi Popularrak eta Junts per Catalunyak lege proiektu baten gaineko zuzenketa bat adostu dute eta testuan sartzea lortu dute Diputatuen Kongresuan. Zuzenketaren arabera, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga bertan behera gelditu daiteke, tarifa-defizitik ez dagoenean. Berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen salerosketa-erregimena arautzen duen lege-proiektuan egin dute zuzenketa. Gaur egun, ekoizpen balioaren gaineko zerga hori % 7an dago finkatuta, eta, onartutako erreformarekin, 0ra jaitsiko da, betiere tarifa-defizitik ez badago.
Astelehen arratsaldean eztabaidatu zen erreforma, ateak itxita, Kongresuan, eta, hasiera batean, ostegun honetan bozkatu behar zen Cristina Narbona ministro ohia buru duen Trantsizio Ekologikorako Batzordean. Hala ere, PPk eta Juntsek lege-proiektuari zuzenketa transakzionala egin zioten ponentzia fasean. PSOEk eta Sumarrek kontra bozkatu arren, ekimenak aurrera egin zuen, Voxen, ERCren eta EAJren babesa izan zuelako, Alderdi Popularreko iturriek nabarmendu dutenez.
Espainiako Gobernua PPk eta Juntsek adostutako proposamenaren aurka agertu da, eta PSOEk eta Sumarrek erreformaren tramitazioa etetea erabaki dute. Parlamentuko iturriek adierazi dutenez, ponentziako txostena onartu ostean, PSOEk eta Sumarrek gehiengoa duten Batzordeko Mahaiak azken orduko bilera deitu du batzordearen deialdia atzeratzeko.
Patxi Lopez PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak adierazi duenez, energia ekoizpenaren gaineko zergaren eztabaida "fase goiztiar" batean dago oraindik, eta PPk eta Juntsek lortu duten akordioa "iraultzen edo baldintzatzen" saiatuko da. Bere hitzetan, zerga hori kenduz gero, diru-kutxa publikoek "1.500 milioi gutxiago" bilduko lituzkete.
Gobernuak lehenago ere erabili du Konstituzioak aitortzen dion beto-boterea zerga hori ezabatu nahi zuen Juntsen zuzenketa baten gainean. Era berean, energia produktuen inportazio edo erosketen gaineko BEZa aldi baterako jaistea proposatzen zuen PPren zuzenketa bati ere betoa jarri zion.
Miguel Tellado Kongresuko Talde Popularraren bozeramaileak adierazi du lortutako akordioa "arrakasta parlamentarioa" izan dela. PPk jakinarazi du, zerga hori bertan behera utzita, Espainiako familiek 400 milioi euro aurreztuko lituzketela. Enpresa txiki eta ertainen kasuan, 500 milioi aurreztuko dira, eta 200 milioi industria handietan. Era berean, adierazi dute EBko gainerako herrialdeek ez dutela zerga hori, eta, beraz, Espainiako industria "ez dela hain lehiakorra".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa