14:12

Politika

AURREKONTUAK

Arabako Aldundiak eta EH Bilduk aurreakordioa egin dute 2025eko aurrekontua onartzeko

AGENCIAS | EITB MEDIA

EAJk eta PSE-EEk bere egin dituzte koalizioak aurkeztutako 69 zuzenketa partzialak. Zuzenketok 33 milioi euroko balioa dute. Lopez de Arroyabek esan du politika publikoak "bideratzen" lagunduko dutela horrela.

  • EH Bilduren Arabako ordezkariak, aurreakordioaren aurkezpenean. Argazkia: EITB

    EH Bilduren Arabako ordezkariak, aurreakordioaren aurkezpenean. Argazkia: EITB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EAJ-PSEren gobernu taldeak eta EH Bilduk aurreakordioa egin dute datorren urteko Arabako Aldundiaren aurrekontua onartzeko. 2015-2016tik lehen aldiz egin dute akordioa ezker abertzalearekin.

EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo osorik Arabako Batzar Nagusietan, eta beharrezkoa dute oposizioko talderen baten babesa 2025ko aurrekontuak aurrera ateratzeko.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Batzar Nagusietako bozeramaileak prentsaurrekoa eman du aurreakordioaren berri emateko. Adostutako 33 milioi euro horiekin legegintzaldi honetako politika publikoak "bideratzen" lagunduko dutela azpimarratu du, nahiz eta aitortu ez direla "EH Bilduren aurrekontuak".

Guztira, 69 zuzenketa partzial adostu ditu EH Bilduk gobernu taldearekin. 33 milioi euroko balioa dute, baina 2025eko aurrekontuan 9,6 milioi euro joango dira.

Dena den, oraindik aurreakordioa da, izan ere, EH Bilduren Arabako militanteek berretsi beharko dute asteazkenean egingo duten asanbladan.

Etxebizitza arloan 3,9 milioi euro adostu dituzte datorren urterako, eta 10,5 milioi guztira, udal erakundeei etxebizitza sozialaren sustapenean eta landa eremuko gazteei laguntzeko.

Erresidentzietan, Aldundiak adinekoentzako plaza publikoak sortzeko konpromisoa hartu du. Hala, Kanpezuko etxebizitza komunitarioa erresidentzia bihurtuko dute 2026an.

Trantsizio ekosozialari dagokionez, EH Bildu 32 zentral fotovoltaiko aurreikusten dituen Solaria proiektua gelditzearen alde dago, eta adostasunera iritsi da eskualdeetako erabakitze prozesuak bizkortzeko. Prozesu horiekin egungo testuingurua argituko da eta berriztagarrien zabalkundea ordenatu ahal izango da.

Tokian tokiko erakundeen finantzazioa egonkortzea ere adostu dute. Aurrerantzean, Fofelena izango da aurrekontuaren % 36,6, lehen baino % 0,72 gehiago.

Lau partida garrantzitsu horiez gain, EH Bilduren zuzenketei esker, etxebizitza komunitarioek 24 orduko arreta izango dute, mendekotasunak baloratzeko talde bat osatuko da, eta dirua bideratuko da erresidentzia pribatuetako langileen aferari irtenbidea emateko.

Gainera, 18 urtetik beherakoentzat foru garraio publikoa doakoa izango da. 1,3 milioi euro bideratuko dira energia komunitateak indartzeko, eta nekazal lurren bitartekaritzarako zerbitzu publiko bat sortuko da.

Azkenik, suhiltzaileen erakunde autonomoan plazak sortuko dira: 2025ean sei sarjentu plaza sortuko dira, eta langileen kopurua handitzen joango da, 2027an 229ra iritsi arte.

Araban ez bezala, Gipuzkoan EAJk eta PSE-EEk PPren babesa izango dute, eta Bizkaian gehiengo osoa dute aurrekontuak onartzeko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena