16:11

Politika

Koldo auzia

Abalosek Goreneko deklarazioa atzeratzeko eskatu du, auziaren dokumentazioa lortzeko arazo informatikoengatik

Agentziak | EITB Media

Defentsak azaldu du hilaren 3an saiatu zela telematikoki auzira sartzen, baina sistema informatikoak ez ziola utzi auzia irekitzen. Gaineratu duenez, hilaren 5ean lortu zuen dokumentazioa, eta epe hori ez da nahikoa agerraldia "berme guztiekin" prestatzeko.

  • Jose Luis Abalosen artxiboko irudia. EFE.

    Jose Luis Abalosen artxiboko irudia. EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jose Luis Abalos Garraio ministro ohiak Auzitegi Gorenari eskatu dio abenduaren 12rako aurreikusita zuen borondatezko deklarazioa atzeratzeko, sumarioa hobeto aztertzeko denbora gehiago behar duelako.

Auzitegi Goreneko bigarren salara bidalitako idazkian jasotzen denez, auziaren dokumentazioa ostegun honetan, abenduaren 5ean, jaso duelako, eta auziaren "hedadura dela eta", "ezinezkoa" zaiela borondatezko agerraldia prestatzeko dokumentazioa behar bezala aztertzea.

Leopoldo Puente Auzitegi Goreneko epaileak astelehenean erabaki zuen abenduaren 12an, 10:00etan, Abalosi borondatezko deklarazioa hartzea, pandemian ustez maskarak modu irregularrean kontratatzeagatik haren aurka irekitako auzian.

Garraio ministro ohiaren defentsak azaldu duenez, asteartean, abenduaren 3an, saiatu zen auzira telematikoki sartzen, baina erabilitako sistema informatikoak ez zion auzia irekitzeko baimenik eman. Hori dela eta, defentsaren ordezkari batek Gorenera jo behar izan zuen eguneratze guztiak pendrive batean kopiatzeko. Hilaren 5ean jaso zuen dokumentazioa azkenean, eta, defentsak zail ikusten du epe horretan agerraldia "berme guztiekin" eta epaileak adierazitako datan "egiten diren galdera guztiei erantzuteko" prestatzea. Hori dela eta, hitzordua atzeratzeko eskatu dute.

Kasuko prokuradoreak, gainera, Gorenari eskatu dio kontuan hartzeko abenduaren 19an Garraio ministro ohiak ahozko epaiketa duela.

El Pais egunkarian ostiral honetan argitaratutako elkarrizketa batean, Abalosek ukatu egin du atzerrian dirurik edota ondarerik izatea, "ez zuzenean eramanda, ezta bitartekarien bidez ere", eta erantsi du ezingo dituztela eskudiruz egindako ordainketak frogatu, ez duelako halakorik egin.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena