Politika
Koldo auzia
Epaileak Victor de Aldama aske uzteko agindu du komisioak ordaindu zituela adierazi ostean
Agentziak | EITB Media
Magistratuak aintzat hartu du enpresaburuaren eskaera, eta kautelazko neurriak hartzea erabaki du, Fiskaltzak eskatu bezala: pasaportea kentzea eta astero epaitegian agertzeko betebeharra.
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak Victor de Aldama enpresaburua aske uztea erabaki du. Aldamak ostegun honetan goi-kargudunei komisioak eskudirutan ordaindu zizkiela deklaratu du. Hala nola Jose Luis Abalos ministro ohiari edo Santos Cerdan PSOEko hirugarrenari ordaindu ziela esan du.
Magistratuak aintzat hartu du enpresaburuaren eskaera, eta kautelazko neurriak hartzea erabaki du, Fiskaltzak eskatu bezala: pasaportea kentzea eta astero epaitegian agertzeko betebeharra, iturri juridikoek EFEri jakinarazi diotenez
Victor de Aldamak gaur goizean deklaratu du Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko magistratuaren aurrean, berak hala eskatuta. Epaileari aitortu dio 5,5 milioi euro kobratu zituela pandemian musukoen hainbat kontratu publikotan parte hartzeagatik, eta hainbat goi-karguduni ordainketak eskudirutan egin zizkiela.
Deklarazioa amaitzean, defentsak aske uzteko eskatu dio Santiago Pedraz magistratuari. Aldamak behin-behineko espetxealdian jarraitzen zuen, beste auzi batengatik, hidrokarburoen ustezko iruzur batengatik.
Fiskaltzako iturriek jakitera eman dutenez, Ministerio Publikoak Aldama espetxetik ateratzearen aldeko txostena egin du, kautelazko neurriekin, hain zuzen ere, pasaportea kentzea eta astero epaitegira agertzeko betebeharra.
Agerraldi judizialean, enpresaburuak aitortu du Soluciones de Gestion enpresaren alde bitartekari aritu zela pandemia betean musukoen kontratu publikoetan, eta administrazio guztiek ezagutzen zutela haren funtzioa, Koldo Garciak, Abaloseko aholkulari ohiak, hala jakinarazi zuelako.
Biei komisioak ordaindu zizkiela aitortu du: Abalosi 400.000 euro eskudirutan eta Koldo Garciari 250.000 euro, gauzaz egindako beste ordainketa batzuez gain.
Era berean, Santos Cerdan PSOEko hirugarrenari egindako 15.000 euroko beste ordainketa bat aipatu du Aldamak. Cerdanek berehala publikoki erabat ukatu du ordainketa, eta alderdi sozialistak enpresaburua auzitara eramango duela iragarri ditu.
Bere defentsaren galderei erantzunez (fiskalaz gain erantzun duen bakarra), Aldamak esan du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin elkartu zela 2019ko otsailaren 3an PSOEk egindako ekitaldi batean.
Bere bertsioaren arabera, Abalosek eta Koldo Garciak ekitaldira joanarazi zuten, gobernuburuak ezagutu eta berarekin hitz egin nahi zuelako. Bilera labur horretan, argazkia atera zioten presidentearekin, eztabaida politikoa eragin duena eta, bere ustez, "ustekabekoa" izan ez zena.
Aldamak esan du orduko hartan presidenteak zera esan ziola, hitzez hitz: "Eskerrik asko egiten ari zarenagatik; informatuta naukate", Mexikoko Gobernuarekin Espainiako enpresen alde trenbide arloan egindako kudeaketa batzuen harira.
Adierazpen horren nondik norakoak ezagutu ostean, Aldamak deklaratutakoa "guztiz faltsua" dela ziurtatu du Pedro Sanchezek.
Aldama Soto del Realeko espetxetik atera da ostegun gauean. Urriaren 10etik behin-behineko espetxealdian zegoen, hidrokarburoen sektorean 182 milioi euroko iruzurra egin zuelakoan. Kartzelatik irtetean, enpresaburuak Espainiako Gobernuko presidenteari erantzun nahi izan dio.
Aldamak Sanchezi erantzun dio "mitomano jauna" dela eta "alzheimerra" duela; izan ere, Kongresuan eta, ondoren, Portugalen, ezagutzen ote zuen galdetu ziotenean, ez zuen erantzun. Hala ere, ondoren, bien irudi bat argitaratu zenean, enpresaburua ezagutzen zuela azaldu zuen, baina "edonorekin egiten den argazki bat gehiago" zela esanez.
"Edonorekin egiten diren argazkiak kalean egiten dira, ez eremu pribatuetan", adierazi du Aldamak, eta Espainiako gobernuburuari ohartarazi dio ez kezkatzeko, "esandako guztiaren frogak dituelako".
Bestalde, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiak zentsura-mozioa aurkezteko atea ireki du, Sanchezen bazkide parlamentarioen esanetara jarriz, "aro berri bati hasiera emateko".
PPko presidenteak adierazi du ustelkeriak "bete-betean" ukitzen duela Gobernua, eta Sanchezen bazkide politikoei zuzendu zaie: "Argi dago ez dudala botorik Gobernuarekin botatzeko, baina bazkideren batek honekin guztiarekin bukatu nahi badu, jakin dezala prest nagoela gure herrialdean aro berri bat irekitzeko".
Eztabaida beroa Kongresuan
PSOEko Antolakuntza idazkaria, Santos Cerdan, gaur Diputatuen Kongresuan hitzaldia amaitzen ari zenean, "15.000 euro" entzun dira hemizikloan, diputatu batzuen ahotan, Gabonetako loterian San Ildefonsoko haurren antzera.
Une horretan, Alfonso Rodriguez Gomez de Celis lehen presidenteorde eta diputatu sozialista zegoen Ganberako presidente eskumenarekin, eta diputatuei kargu hartu die.
Gainera, Cerdanek berak eta Sergio Sayas PPko diputatuak eztabaida beroa izan dute Kongresuan, eta akusazioak leporatu eta Ganberako presidentearen eskutik hainbat abisu jaso dituzte.