Politika
ESPAINIAKO GOBERNUA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Energia enpresei zerga berezi bat ezartzea ahalbidetuko duen lege proposamena sustatzea adostu dute bi alderdiek. Horretarako, batzorde negoziatzaile bat jarriko da martxan.
Jone Belarra (Podemos), asteon Kongresuan. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuak proposatutako neurri fiskalak babestuko ditu Podemos alderdiak arratsaldean Diputatuen Kongresuan egingo den saioan, PSOErekin akordioa itxi ondoren.
Alderdi moreak Telegrameko bere kontuan aurreratu duenez, energia enpresei zerga berezi bat ezartzea ahalbidetuko duen lege proposamena sustatzea adostu dute sozialistekin. Horretarako, alderdi guztiek parte hartuko duten batzorde negoziatzaile bat jarriko dute abian.
"Energia enpresei zerga bat ezartzea ahalbidetuko duen lege proposamena abian jartzeko PSOE eta Podemos alderdien konpromisoa jasotzen du akordioak", esan du alderdi moreak akordioaren berri emateko zabaldu duen mezu laburrean.
Podemosen babesarekin, Espainiako Exekutiboak ziurtatuta du erreforma fiskalak aurrera egitea. Besteak beste, multinazionalentzat sozietateen gaineko zergaren gutxieneko tasa % 15ekoa izango dela finkatzen duen proiektuari beste zerga batzuk gehituko zaizkio.
Azken orduko akordioa
Zazpi orduko negoziazio gorabeheratsuaren ostean, 01:00 aldera heldu zen akordioa, joan den asteartean. Diputatuen Kongresuak multinazionalei zerga ezartzea (Europako zuzentarau batek behartutako neurria) eta zerga erreformaren zati bat onartzea lortu zuen Ogasun Batzordean. Azken horretarako, ituna lortu zuen PSOEk EH Bildu, ERC eta BNG taldeekin. Horren arabera, banketxeei ezarritako zerga igo, eta energia enpresen gainekoa urtebetez luzatuko dute; horretarako, errege dekretu bat onartuko duela hitzeman du Espainiako Gobernuak.
EH Bilduk, ERCk eta BNGk ohar bateratua atera zuten, eta zehaztu banketxeen gaineko zerga EAEko zein Nafarroako ogasunekin kontzertatuta egongo dela (hori da, hain justu, EAJk PSOErekin hitzartu duen puntuetako bat).
Batzordearen izapidea gaindituta, neurri fiskalok gaurko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dituzte Kongresuan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa