Politika
Migrazioa
Agentziak | EITB Media
Accem eta CEAR gobernuz kanpoko erakundeek txalotu egin dute erreforma, baina neurriak bisa humanitarioak jasotzea eskatu dute. Bestalde, ELA sindikatuak uste du erreformak "eskulan merkea" erraztu nahi duela.
Pertsona migratzaileak. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuak Atzerritarren Legearen Araudi berria onartu du gaur Ministroen Kontseiluan, "prozedurak sinplifikatzeko, bikoiztasunak ezabatzeko eta berme eta zorroztasun juridiko handiagoak emateko", eta hurrengo hiru urteetan urtean 300.000 pertsona erregularizatzea aurreikusten du.
Hala iragarri du Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Era berean, Espainiak seihileko presidentzian bultzatutako Europako araudiaren hobekuntzak sartu direla azaldu du ministroak. "Araudia mafiei aurre egiteko, iruzurrei aurre egiteko eta eskubideen urraketei aurre egiteko erabiliko da", ziurtatu du.
Lan-merkatuaren beharrei dagokienez, Saizek adierazi du arauaren barruan atal espezifiko bat sortu dela, iraupen laburreko nahiz iraupen luzeko bisak barne hartzen dituena, "ulergarriagoak izan daitezen". Ildo horretan, gaineratu du prozedurak "sinplifikatu" egingo direla eta kontsulatuen eta atzerritarren bulegoen arteko eskumenak "zedarritu" egingo direla.
Bestalde, araudi berriak burokrazia murriztuko duela uste du. "Hemendik aurrera, hasierako baimen guztiak urtebetekoak izango dira eta berritzeak lau urtekoak", nabarmendu du.
Elma Saiz, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa. Argazkia: EFE
Accemek eta Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordeak (CEAR) txalotu egin dute erreforma, baina bisa humanitarioak barneratzea eskatu dute.
Horren harira, Accemek adierazi du erreforma "onuragarria" dela, "aurreko araudia 2011koa baitzen, eta herrialdearen errealitate soziala, demografikoa eta lan-merkatua nabarmen aldatu baita ordutik". "Beharrezkoa zen araudia gaur egungo errealitatera egokitzea, pertsonek beren egoera modu seguruan erregularizatu ahal izateko", esan du.
Accemek ere "mesedegarritzat" jo du ikasketengatik egonaldia egiten ari diren pertsonak lan-merkatuan sartzea erraztea, lan-baimena lortzeko oztopoak murriztuz eta enplegu-bisen iraupena handituz.
Ildo beretik, CEARek nabarmendu du errotze-figurak malgutu egin direla eta atzerritarrak administrazioan sartu ahal izango direla, "horrek gizarteratzea eta eskubideak erabiltzea erraztuko baititu".
Hala ere, erreformak asiloa eskatzen duten pertsonak "zigortzea" deitoratu du; izan ere, "ezin izango dute errotzea lortu eskaerari uko egiten ez badiote edo behin betiko ukatuta ez badute". Araubide berriak errotzea eskatu ahal izateko sei hilabetez egoera irregularrean egotera behartzen ditu pertsona horiek, betiere gainerako baldintzak betetzen badituzte.
Bestalde, ELA sindikatuak uste du erreformak "eskulan merkea" errazteko helburua duela. Ohar batean, ELAk salatu du araudi berria ez dela "pertsona migratzaileek behar duten konponbidea, ezta gizarteak behar duena ere".
Onartutako aldaketak "erregularizazio prozesu batzuk errazten ditu, baina ez ditu aldatzen Atzerritarren Legean ezartzen diren joko-arauak, migratutako pertsonak estigmatizatzen baititu, bigarren mailako herritarrak izatera zigortuz", kritikatu du sindikatu abertzaleak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa