Politika
Valentzia
Agentziak | EITB Media
Horrela, Marian Cano Garciak Nuria Montes ordezkatuko du. Ordezkapena Generalitateko presidenteak iragarritako aldaketen barruan egin da, goi-geruzetako depresio isolatuak eragindako hondamendiari aurre egiteko.
Mazonek Nuria Montes kontseilaria kargugabetu du egindako kudeaketagatik. Argazkia: EFE
Marian Cano Garcia Valentziako Berrikuntza, Industria, Merkataritza eta Turismo kontseilari izendatuko dute, Nuria Montesen ordez, Valentziako Generalitateak ohar bidez jakinarazi duenez.
Montes oso kritikatua izan zen Valentziako Azokako gorputegian biktimen senideen presentziari buruz egindako adierazpenengatik. Kontseilariak adierazi zuen senitartekoei ez zietela utziko gunera sartzen, eta "epaitegien deiaren eta dokumentazioa ematearen zain egoteko" eskatu zien. Adierazpen horiengatik barkamena eskatu behar izan zien ordu batzuk geroago bideo batean, "enpatia eta sentsibilitate faltagatik".
Carlos Mazon Generalitateko presidenteak urriaren 29ko goi-geruzetako depresio isolatuaren osteko berreraikuntzari aurre egiteko eta hondamendien prebentzioa indartzeko iragarritako aldaketen barruan egin da ordezkapena.
Cano Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean egin zuen Zuzenbidean lizentziatura, ESICeko Zuzendaritza Komertzialean eta Marketinean graduondokoa du eta 2015etik AVECAL Valentziako oinetakoen enpresaburuen elkarteko presidentea da.
Berrikuntza, Industria, Merkataritza eta Turismo Kontseilaritzak Nuria Montesen zuzendaritzapean izan dituen eskumenak izaten jarraituko du.
Bestalde, Carlos Mazon Valentziako presidenteak karguan jarraitzeko "zilegitasunik" ez duela iritzita, Compromis taldeak Valentziako Parlamentuan haren kontrako zentsura mozioa aurkeztuko duela iragarri du. Joan Baldovi ezkerreko alderdiaren buruak azaldu du Mazon ez dela gai izan gutxienez 219 hildako utzi dituen Goi-geruzetako Depresio Isolatuak (GOIDI) ekarri dituenak kudeatzeko. "Ez du jakin tragediaren aurrean lidergoa hartzen, eta ez du zilegitasunik berreraikitzea gidatzeko", esan du, Generalitatearen atarian, gaur eguerdian, egindako adierazpenetan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa