08:31

Politika

MEMORIA HISTORIKOA

Frankistek fusilatutako Espinosa Orive sailburuaren aitorpena eta erreparazioa eskatu dute

eitb media

Espainiako Gobernuak Lluis Companysi egindako aitortzaren antzekoa sustatzeko eskatu dio Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak lehendakariari, eta Gasteizko eta Bilboko Udalei.

  • Alfredo Espinosa Oriveri buruzko kartela. Argazkia: GEBehatokia

    Alfredo Espinosa Oriveri buruzko kartela. Argazkia: GEBehatokia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokia) Alfredo Espinosa Orive frankistek 1937an fusilatu zuten Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren aitortza eta erreparazio neurriak sustatzeko eskatu die Imanol Pradales lehendakariari, eta Gasteizko eta Bilboko udalei.

Familiaren oniritziarekin abiatutako ekimenaren bitartez, duela 87 urte egin zen fusilatzea legez kanpokoa eta ez-legitimoa izan zela, diktadura frankistan heriotza-zigorra ezarri zion epaia deusez deklaratzea eta aitorpen eta erreparazio pertsonalaren deklarazioa egitea eskatzen zaio Espainiako Gobernuari.

Hain zuzen ere, Lluis Companys Generalitateko presidenteari egindako antzeko adierazpen batean oinarritu da eskaera, eta lehendakariari eskatzen zaio eskaera Madrilera eraman dezala, eta Bilboko eta Gasteizko udalei, ekimena babes dezatela.

GEBehatokiak gogorarazi du 1903an Bilbon jaiotako medikua izan zela frankismoan fusilatu zuten euskal kargu instituzional garrantzitsuena. Osasun sailburu aritu zen Union Republicanaren ordezkari eta "pobreen medikua" gisa egin zen ezagun.

"Frankismoaren biktimen familiek isiltasunean, beldurrak ezarritako ostrazismoan bizi izan dute urte askoan euren mina. Bada garaia euren duintasuna berreskura dezaten, eta, gure ustez, instituzioek gidatu behar dituzte lapurtutako justizia berreskuratzeko prozesu horiek", azpimarratu du Euskal Herriko Giza Eskubideen .

Traizioa

Espinosa Oriveren kasua bereziki gogorra eta deigarria da atxiloketa nola gertatu zen gogoratuz gero. Behatokiaren txostenean agertzen denez, Frantziara joan zen, Gorlizko erietxeko haurrekin batera, Eusko Jaurlaritzarentzat osasun materiala erostera. Euskal Herrira itzultzeko pilotu asturiar batekin jarri ziren harremanetan, eta hark eraman zituen sailburua bera eta Agirre lehendakariaren konfiantzazko beste pertsona batzuk. Baina pilotuak traizio egin zien, eta lur hartutakoan faxisten esku utzi zituen.

Gasteizen preso sartu eta galdekatu ostean, prozesu sumarisimo bat jaso eta heriotza-zigorra ezarri zioten, 1937an. Horrekin nahikoa ez, eta familiak frankismoaren jazarpena jaso omen zuen gerora ere.

Fusilatu aurretik Agirre lehendakariari idatzitako gutunean, hauxe irakur daiteke: «Esan gure herriari Jaurlaritzako sailburu bat ausarten moduan hil behar dela».

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena