09:13

Politika

ZERGA ERREFORMA

EAJk eta PSE-EEk oposizioaren babesa behar dute zerga erreforma Araban eta Gipuzkoan onartzeko

EITB Media

Elkarrekin koalizioa EAJrekin eta PSE-EErekin negoziatzen ari da zerga erreforma aurrera ateratzeko. Bizkaiko Batzar Nagusietan, ordea, jeltzaleek eta sozialistek gehiengo osoa dute adostutako zerga erreforma onartzeko.

  • Zerga erreformarako proposamenaren aurkezpena Gipuzkoako Batzar Nagusietan

    Zerga erreformarako proposamenaren aurkezpena Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EAJk eta PSE-EEk adostutako erreforma fiskalaren proposamenaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte azken orduetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek egin asmo duten zerga erreformaren helburua da kontziliazioa, etxebizitza eta trantsizio energetikoa bezalako "erronka" nagusiei erantzutea, baita enpleguko BGAEak bultzatzea ere. Berritasun nagusien artean, PFEZa aitortzeko betebeharra urteko errenta 19.000 euroraino igotzea proposatu dute (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata baino handiagoa, 2024an 15.876 eurokoa dena). Halaber, etxebizitzaren arloan alokairua bultzatzea dute helburu, zerga-pizgarriak indartuz alokairu eskuragarriaren eskaintza handituta.

Jeltzaleek eta sozialistek gehiengo osoa dute Bizkaiko Batzar Nagusietan zerga erreforma aurrera ateratzeko, baina Araban eta Gipuzkoan, berriz, EH Bildu, PP edo Elkarrekin taldeen babesa beharko dute. Hiruretako baten aldeko botoa nahikoa litzateke.

Elkarrekin koalizioa EAJrekin eta PSE-EErekin negoziatzen ari da zerga erreforma hiru lurraldeetan aurrera ateratzeko, David Rodriguez Elkarrekin Arabako batzarkide eta bozeramaileak gaur goizean azaldu duenez. Elkarrekin taldearen balizko babesa nahikoa litzateke bai Araban eta baita Gipuzkoan ere. Araban, koalizio moreko 3 batzarkideak eta EAJ (15) eta PSE-EErenak (9) gehituta gehiengoa izango lukete. Halaber, Gipuzkoan ere 26ra iritsiko lirateke jeltzaleen (17), sozialisten (7) eta koalizio morearen (2) batzarkideak batuta.

Imanol Pradales lehendakariak zerga erreformaz hitz egin du gaur goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Horren hitzetan, "neurri oso positiboak" ditu EAJk eta PSE-EEk adostutako akordioak eta horiei "ezetz esatea zaila" da. "Gazteei etxebizitza erosteko erraztasunei ezetz, trantsizio energetikorako pizgarriei ezetz, enpresen kenkariei ezetz, kontziliazioari ezetz... ez dute hain erraza izango ezetza justifikatzea", erantsi du, Gipuzkoan eta Araban oposizioan dauden alderdiei erreferentzia eginez.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak gaur Radio Euskadin azaldu duenez, jeltzaleek eta sozialistek adostutakoa "zerga erreforma da, progresista eta progresiboa". Are gehiago, uste du oposizioak "aukera bikaina" duela "suzko erroberetan ala errealitatean" dagoen erakusteko.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan atzo egin zen saioan, zehaztasun falta salatu zuen oposizioak eta zerga erreforma baino "berrikuspen fiskala" dela gaineratu zuen.

Haritz Perez EH Bilduko batzarkideak atzo salatu zuenez, duela lau hilabete koalizio subiranistak zerga erreforma baterako akordioa sinatu zuen EAJrekin eta PSE-EErekin, eta orain aurkeztutako proposamena bi alderdiren artean soilik adostu dute. "Lehenengo irakurketa batean ez dauka erreforma fiskalerako adostu genuen sakontasuna eta gure herriak behar duen erreforma fiskalerako sakontasuna ere, urrun gelditzen da", azpimarratu zuen. Gainera, Perezek argi eta garbi utzi zuen koalizio subiranistak ez duela beste lurraldeetan jasotzen ez den proposamenik onartuko Gipuzkoan.

Mikel Lezama PPko bozeramaileak zerga harmonizazioa gorabehera, "lurralde bakoitzaren berezitasuna" kontuan hartzearen beharra azpimarratu zuen. "Fiskalitatea gure errealitatera egokitu behar dugu", esan zuen. "Anbizio handiko erreforma" bat defendatu zuen Lezamak, eta ez soilik "berrikuspen fiskal bat". "Zergatik planteatzen duzue berrikuspen fiskal gisa? Ez duzue nahi garai berrirako fiskalitate bat? Soilik ukitu batzuk?", gaineratu zuen.

Miren Echeveste Elkarrekin Gipuzkoako batzarkideak zerga erreforma nola negoziatuko duten galdetu zion Itziar Agirre Ogasun diputatuari, EAJk eta PSE-EEk ez baitute gehiengo nahikorik ez Araban eta ezta Gipuzkoan ere. Are gehiago, Araban eta Gipuzkoan onartzen ez bada, Bizkaian zerga erreformarekin aurrera egingo ote duten erantzuteko eskatu zion. 

Arabako Batzar Nagusietan, eztabaidarako dokumenturik aurkeztu ez izana aurpegiratu zieten, atzo, oposizioko alderdiek gobernua sostengatzen duten bi alderdiei (EAJ eta PSE-EE).

EH Bilduko bozeramaile den Eva Lopez de Arroyabe batzarkideak ez zuen zerga berrikuspenari buruzko iritzi politikorik emAN nahi izan, horren esanetan, ez baitute baloraziorik egiteko dokumenturik jaso. "Zerga erreforma progresiboa nahi baduzu, EH Bildu hor egongo da. Atzerakoia nahi izanez gero, hortxe dago PP", nabarmendu zuen.

Iñaki Oyarzabal PPko bozeramailea ere ildo beretik mintzatu zen, eta eztabaida sakon baterako informazioa eta xehetasunak falta dituztela salatu zuen. "Makillaje fiskala da, ez dakigu justu-justu egin beharreko hori betetzera mugatu zareten", gehitu zuen.

Elkarrekin Arabaren iritziz, sortutako espektatiben aurrean motz gelditu da. "Ez dugu begi onez ikusten, anbizioa falta zaio", esan zuen David Rodriguez batzarkideak.

Sindikatuek "sakoneko" zerga erreforma bat ez izatea salatu dute

Garrantzia handikoa dela usten duen eztabaida bat benetako debaterik gabe ixtea salatu du ELAk. Horren arabera, aurreikusi diren neurriak ez dira nahikoak zerga sistema bidezkoago baterantz pausoak emateko.

LABen iritziz, hiru foru aldundiek "proposatutako neurriak ez datoz bat Euskal Herriak behar duen erreforma fiskalarekin". "EAJren eta PSEren arteko akordioak, atzo aldundiei proposamen gisa helarazi zitzaigunak, sakonekoak ez diren neurriak baino ez ditu", gaineratu du.

Bestalde, CCOO Euskadi sindikatuak "argiak eta ilunak" ikusten dizkio proposamenari eta "sakoneko" zerga erreforma bat behar dela aldarrikatu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena