12:30

Politika

Memoria Eguna

Pradalesek memoria "autokritikoa" aldarrikatu du, "infernua" errepika ez dadin

EITB MEDIA

Gogorak Bilbon antolatutakoa ez ezik, Eusko Legebiltzarrean ere izan da ekitaldirik: alderdi guztietako ordezkariek, PPkoek eta Voxekoek izan ezik, minutu bateko isilunea eta lore-eskaintza egin dituzte biktimen omenez

0:34
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Imanol Pradales lehendakariak "errebantxarik gabeko memoria kritiko eta autokritikoa" aldeko aldarria egin du gaur, igandea, Memoriaren Egunean. Kontakizun "autojustifikatzaile eta autokonplazentziazkoak" alde batera uzten dituen memoria aldarrikatu du lehendakariak, "diskriminaziorik gabea" eta "infernu hura" ez errepikatzea oinarri izango duena. 

Hala adierazi du gaur Pradalesek, Gogora Institutuak Memoriaren Egunean antolatutako ekitaldian, Bilbon.

Pradalesek euskal herritarrek bizitako sufrimendua gogorarazi nahi izan du gaur, eta gaineratu du guztiok dugula "jazarpena, tortura, mehatxuak eta indarkeria" jasan zituen gertukoren bat.

Lehendakariak adierazi duenez, euskal gizartearen gehiengoak jarrera "zintzoa" izan du indarkeriaren aurka, eta azpimarratu du gaurkoa gertatutakoa "gogoratzeko, transmititzeko eta helarazteko eguna" dela, "infernu hura" errepika ez dadin.

Memoria Eguneko ekitaldiak, Eusko Legebiltzarrean

Eusko Legebiltzarrak ere zenbait ekitaldi egin ditu Memoria Egunean, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea eta Imanol Pradales lehendakaria bertan zirela. Alderdi guztietako sailburu eta legebiltzarkideek hartu dute parte ekitaldietan, PPkoek eta Voxekoek izan ezik, eta minutu bateko isilunea eta lore-eskaintza egin dituzte biktimen oroimenez.

Aurreko urteetan bezala, biktimak omentzen dituen "Gauerdiko Iparrorratza" eskulturaren aurrean egin dute ekitaldia. 

Legebiltzarreko alderdi guztiek izan dute ordezkaritza ekitaldian, PPk eta Voxek izan ezik; izan ere, indarkeria politikoaren eta Espainiako Estatuak egindako abusuen biktimak ukatzen dituzte. PPk Gasteizko Udalak eta Biktimen Oroimenezko Zentroak antolatutako ekitaldian hartu zuen parte atzo, eta Voxek, berriz, Memoria Egun propioa ospatuko du gaur, Bilbon. 

ETAko kideen senideek elkarretaratzea egin dute Legebiltzarraren aurrean, Euskaditik kanpoko espetxeetara senideak bisitatzera joanda hildako 16 pertsonak ere biktima gisa oroituak izan daitezen eskatzeko. 

Memoriaren Eguna gaurko egunez egiteko erabakia hartu zuen Eusko Jaurlaritzak, azaroaren 10a baita ETAk inor hil ez zuen urteko egun bakarra.

Bilbon terrorismoaren biktima guztiak omendu dituzte

Bilboko Udalak terrorismoaren biktima guztiak eta "biolentzia politikoaren biktimak" omendu ditu gaur, Juan Mari Aburto alkatea buru zuen ekitaldian. 

Casilda Iturrizar parkean izan da ekitaldia, biktimen omenezko monolitoaren aurrean. Lore-eskaintza egin dute biktima guztiak oroitzeko, Udal Txistulari Taldearen doinu artean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena