Politika
GOIALDEKO BORRASKA
Agentziak | EITB Media
Carlos Mazon Valentziako erkidegoko presidenteak erantzun du iragarpenak "aldakorrak" izan zirela eta protokoloak jarraitu zituztela. Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak, berriz, Generalitateak egindako krisiaren kudeaketa babestu du.
Goialdeko borraskak eragindako uholdeen ondorioak Valentziako Paiporta udalerrian. Argazkia: EFE
Goialdeko borraskaren harira, Valentziako telefono mugikorretara asteartean bidalitako abisuaren "erantzukizuna" Generalitatearena dela azpimarratu du Espainiako Barne Ministerioak.
Goi-geruzetako depresio isolatuak (goialdeko borraska eta GOIDI izenez ere ezaguna) Valentziako Erkidegoan eta Gaztela-Mantxan eragindako hondamendiaren ondotik, polemika piztu da agintarien kudeaketaren inguruan. Askok egiten duten galdera da zergatik ez zen larrialdi abisua lehenago bidali eskuko telefonoetara.
Kritiken aurrean, Carlos Mazon Valentziako erkidegoko presidenteak azaldu duenez, alertak bidaltzeko protokoloa Espainiako Gobernuaren menpeko Babes Zibilak "koordinatuta" dago.
Barne Ministerioak, bere aldetik, Babes Zibileko lurralde planak aktibatzea eta horiek kudeatzea agintari autonomikoen "ardura" dela erantzun du, "horiek baitira eskumena dutenak, egungo legediaren arabera".
Era berean, Barne Ministerioak dei egin die goialdeko borraskak kaltetutako tokiko administrazioei eta gobernu autonomikoei herritarrak babesteko eta ahalik eta azkarren berreraikitzeko lanak abiatzeko.
Protokoloak jarraitu zituztela ziurtatu du Valentziako presidenteak eta Generalitateak egindako kudeaketa babestu du Feijook
"Gu ez gara meteorologoak, helarazten digutena zabaltzen dugu", nabarmendu du Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak, larrialdi abisuen harira sortutako polemikaren inguruan galdetu dioten kazetarien aurrean.
Mazonen arabera, iragarpenak "denboran eta forman eta une oro aldakorrak izan ziren" eta jasotako informazioaren arabera eta protokoloari jarraituz hartu zituzten neurriak, "proportzionalki".
Bestalde, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiak Carlos Mazon Valentziako presidenteak egindako krisiaren kudeaketa babestu du, uste baitu AEMETek eta Jucarreko Ur Konfederazioak bidalitako informazioaren arabera hartu zituela erabakiak.
Feijook eta Mazonek Larrialdiak koordinatzeko zentroa bisitatu dute, eta buruzagi popularra "harro" agertu da presidente autonomikoen eta alkateen arteko lankidetzagatik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa