Politika
Mas Madrid (Sumar)
Kargutik kendu dute Errejonen aurkako salaketak saihesteko bitartekari lanak egin omen zituen diputatua
Agentziak | EITB Media
Mas Madridek kargutik kendu du Loreto Arenillas Madrilgo Asanbleako diputatua. Arenillasek "errugabetasun-presuntzioa" ukatzea leporatu dio bere alderdiari, eta Manuela Bergerot Mas Madrideko bozeramaileak Errejon auzia 2023an ezagutu zuela ziurtatu du.
-
Loreto Arenillas Madrilgo Asanbladako diputatua. Irudia: EITB
Mas Madridek Loreto Arenillas Madrilgo Asanbleako diputatuari kargua uzteko agindu dio, Iñigo Errejonen aurkako indarkeria matxistaren salaketak saihesteko bitartekari lanak egin izana egotzita.
"Egoera horren aurrean, diputatuari dimisioa eskatu diogu, eta bere ezezkoaren aurrean, alderdiko erantzukizun eta kargu guztiak uztea erabaki dugu", azaldu du Manuela Bergerot buru duen alderdiak ohar batean.
"Gizartearen espazio bakar bat ere ez dago indarkeria matxistarik gabe, ezta gure alderdia ere. Matxismoak ez ditu alderdiak eta ideologiak bereizten. Formalki eta informalki aurre egiten saiatu ginen, baina hobeto egin genezakeen, argi eta garbi", azpimarratu du Madrilgo alderdiak.
Loreto Arenillas diputatuak "duela urtebete izan zuen Castelloko kontzertu batean Errejonekin zerikusia zuten gertakari batzuen berri; zehazki, emakume batek ipurdia ukitzea leporatu zion", Mas Madrid alderdiaren oharraren arabera.
"Modu pertsonalean, emakumearekin bitartekaritza-prozesu bat abiatu zuen Arenillasek, gertatutakoa argitu nahian", erantsi du agiriak.
"Egun batzuk geroago, alderdiak X sare sozialeko hari baten bidez akusazioaren berri izan ondoren, Loreto Arenillasekin harremanetan jarri ginen, eta eskatu genion biktimen eskura jartzeko ditugun salaketa mekanismoak, haien erantzunik jaso gabe, eta, beraz, kasua itxitzat eman genuen", aitortu dute ohar horren bidez.
"Gaur badakigu ez zela nahikoa izan, eta gure gain hartzen dugu horrek izan ditzakeen ondorioen erantzukizuna", adierazi du Mas Madridek.
"Mas Madridek ez zuen duela urtebetekoaren antzeko gertakarien berri, ezta azken egunetan salatzen ari direnen berri ere", gaineratu du. "Ez dugu salaketarik edo testigantza zehatzik, ez orain, ez iraganean, baina, hala ere, irmoago jokatu beharko genukeen", erantsi du.
Arenillasen erantzuna
Bestalde, Arenillasek "errugabetasun-presuntzioa" ukatzea leporatu dio bere alderdiari, eta Mas Madrideko bozeramaileak, Manuela Bergerotek, Errejon auzia 2023an ezagutu zuela ziurtatu du.
Hala jakinarazi du sare sozialetan idatzitako gutun batean, eta "indarkeria matxistaren biktima" dela esan du. "Inoiz ez nuen uste nire alderdian errugabetasun-presuntzioa gal nezakeenik", salatu du.
— Loreto Arenillas (@Loretoarego) October 25, 2024