Itxi

Politika

Mugikortasuna

Jaurlaritzak 2025eko urtarriletik aurrera garraioa 12 urte bete arte doakoa izatea luzatzea proposatuko du

EITB Media

Susana Garcia Mugikortasun Jasangarriko sailburuak zehaztu duenez, datorren asteazkenerako deitu dute EAEko Garraio Agintaritza, eta hara eramango du 12 urte bete arte garraioa doakoa izateko proposamena.

  • Gasteizko tranbia. Argazkia: EFE

    Gasteizko tranbia. Argazkia: EFE

Susana Garcia Mugikortasun Jasangarriko sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak garraio publikoa 12 urte bete artr doakoa izatea proposatuko duela, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Garciak adierazi du "gazteenekin" jardun behar dela, eta "kontzientzia eta gizarte mailan ere bide bat" markatu nahi zaiela, pertsona horiengan eta senideengan ohiturak sor daitezen. "Pertsona hori ohitzen ari bada eta garraio publikoan badoa, ibilgailu pribatuan egin beharrean, kontzientziatzeaz gain, onura sozialean eragiten ari gara", nabarmendu du sailburuak.

Zehaztu duenez, datorren asteazkenerako deitu dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Garraio Agintaritza, eta hara eramango dute garraio publikoa 12 urte bete arte doakoa izateko proposamena. Zorroztasunez aztertuko dutela gaineratu du, eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean sartzea izango litzateke bere asmoa.

"Jakina, garraioa, gure Sailaren eskumena denez, hala egingo da Euskotrenen, Donostiako topoan, tranbian, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera", erantsi du.

Mugikortasun Jasangarriko sailburuak onartu du enpresa eta erakundeen "esku" dagoen zerbait dela, eta, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak proposamenen "zorroztasunaz" eta guztiari baietz esaterik ez dagoela adierazi ondoren, Garciak ziurtatu du Gipuzkoa dela Mugi sistemak "ezarpen errazena" izan dezakeen lurraldeetako bat.

"Nik uste dut aukera polita dutela, baina, jakina, erabaki hori hartu egin beharko dute. Hilaren 30ean denok bat egiteko konbentzitzea espero dut, kontua ez baita berdintasun falta gehiago sortzea, baizik eta gero eta arrakala hori desagerraraztea", eskatu du.

Lurraldebus. Irudia: EITB

Lurraldebus. Irudia: EITB

Sailburuaren hitzetan, "herri gisa dugun helmuga, Eusko Jaurlaritzak bultzatua, tarifen integrazioa da, eta horrek esan nahi du berdintasun falta desagerarazten ari garela (...). Gipuzkoako ahaldun nagusiak erabakirik egokiena hartuko duela espero dut".

Era berean, bidaiariak txartelekin EAEko garraio publiko guztietan mugitu ahal izateko gaia jorratuko da batzar horretan. "Gure txartela duen edonor gure herriko edozein garraio publikotan ibili ahal izateko lehen urrats hau ematen badugu, nik uste dut oso urrats interesgarria dela bide horretan. Tarifen integrazioak errealitate hau izan behar du. Ez da erraza, ez dut esaten biharko izango denik, baina ez dugu etsiko", errepikatu du.

Hernani eta Donostia arteko AHTren tartea. Argazkia: EFE

Hernani eta Donostia arteko AHTren tartea. Argazkia: EFE

Abiadura Handiko Trena

Bestalde, Susana Garciak Gipuzkoako trenbideari legealdi honetan eman nahi dioten bultzada ere izan du hizpide, eta, AHTari dagokionez, "Espainiako Gobernua erritmo bizia jartzen ari dela" goraipatu du.

Sailburuak gaineratu du azken urteotan "jauzi kuantitatibo eta kualitatibo oso garrantzitsuak" ematen ari direla, eta Nafarroarekiko loturari dagokionez, gogorarazi du badutela tresna juridikoa Aralarren eremuan lagin-zuloak egiteko. Halaber, adierazi du Ministerioa "aurrerapauso garrantzitsuak" ematen ari dela Burgos eta Gasteiz lotzeko.

Hala ere, Garciak ez du uste urte hasieran erabakita egon daitekeenik Nafarroarekin lotura Gasteiztik edo Ezkio-Itsasotik egin.

Aldiriko trenak

Renferen eskumenari dagokionez, Renferekin negoziazioak ixten ari direla eta akordioa urtea amaitu baino lehen sinatzen saiatuko direla erantsi du sailburuak, datorren urtetik aurrera transferentzia martxan egon dadin.