12:01

Politika

GUGGENHEIM URDAIBAI

Entzute-prozesua zintzoa izango den ala Guggenheim berria "ezinbestean" egingo ote den galdetu du EH Bilduk

EITB Media

Koalizioak Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan azalpenak eskatzeko mozio bat eraman du Eusko Legebiltzarrera, baina ez da atera. Horren ordez, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako beste bat babestu du, proiektuaren bideragarritasunaren inguruan entzute prozesu bat abiatzea defendatzen duena.

  • Oihana Etxebarrieta (EH Bildu), Eusko Legebiltzarrean

    Oihana Etxebarrieta (EH Bildu), Eusko Legebiltzarrean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Busturialdean egin asmo duten Guggenheim proiektuak zeresana ematen jarraitzen du, eta gaur EH Bilduk EAJri eta PSE-EEri galdetu die Guggenheim Urdaibai proiektua egiteko Busturialdean abiatuko den entzute-prozesua zintzoa den, edo aurretiaz erabakia hartuta dagoen.

Eusko Legebiltzarreko gaurko osoko bilkuran, Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan argitasuna eskatu du EH Bilduk eta horri buruzko mozioa aurkeztu du. Hala ere, ez da aurrera atera, ezta PPk eta Sumarrek aurkeztutako osoko zuzenketak ere.

EH Bilduren izenean hitz egin duen Oihane Etxebarrieta legebiltzarkidearen arabera, entzute-prozesua egin egin behar da eta ezin da aurretiaz ezer erabaki. "Herritarrek esandakoak balioko ote du, ala ezinbestean egingo da?", galdetu du.

Etxebarrietaren esanetan, "hutsetik" hasi behar da eta herritarrek proiektuari buruzko informazioa eta gardentasuna izan behar dute. Halaber, EH Bilduk zalantzan jarri du Guggenheim Urdaibai proiektuaren atzean ingurumenari eta kulturari lotutako proposamena dagoenik. Ildo horretan, EAJ eta PSE-EE proiektuaren gardentasunaren inguruan ez datozela bat uste du EH Bilduk.

Irune Zuloaga EAJren legebiltzarkideak Busturialdean Guggenheim Urdaibai egitea "ideia ona" dela azpimarratu du, baina aldi berean kezkak eta kontrako jarrerak eragin dituela onartu du. Erakunde arteko lantalde bat "entzute eta elkarrizketa" prozesu bat diseinatzen ari dela eta "asko luzatu gabe" martxan jarriko dela adierazi du. 

PSE-EEko Estibaliz Cantok argi utzi du Busturialdean egingo den proiektu orok ingurumena errespetatu beharko duela, eta gaineratu du bere alderdiak ez duela arreta jarriko "asko irakurri den baina oso gutxi zehaztu den proiektu batean", eta sozialistek ez dutela "apriorikeria" politikoetan sinesten.

Behin eztabaida amaitutakoan, Eusko Legebiltzarrak atzera bota du EH Bilduk aurkeztutako mozioa. Horren ordez, EAJk eta PSE-EEk mahai gainean jarritakoa aurrera atera da, proiektuaren bideragarritasunaren inguruan entzute prozesu bat abiatzea defendatzen duena.

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena