10:38

Politika

EIBAR

Bi dira dagoeneko dimisioa iragarri duten Eibarko zinegotzi jeltzaleak, PSE-EErekin itxitako akordioa dela eta

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Erabakia iragartzen lehendabizikoa Josu Mendikute izan da, EAJren eleduna Eibarko Udalean, eta handik gutxira jakinarazi du Amaia Albizu zinegotzi jeltzaleak ere karguari uko egingo diola.

  • Josu Mendikute eta Amaia Albizu

    Josu Mendikute eta Amaia Albizu. Argazkia: EAJ Eibar

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Koalizio gobernua osatzeko Eibarko Udalean PSE-EEk eta EAJk adostu duten ituna ez dela "duina", eta  jeltzaleen proiektua alboratzea eta sozialistena ahalbidetzea ekarriko duela. Besteak beste, arrazoi horiek mahai gainean jarrita iragarri du Josu Mendikute orain arte Eibarko Udalean EAJren eleduna izan denak zinegotzi aktari uko egingo diola. Azaldu duenez, ez du bere burua akordioan jasotakoa defendatzeko gai ikusten.

Eibarko Uri Buru Batzarreko alderdikideei igorritako gutun batean eman du hartutako erabakiaren berri Mendikutek. Eskutitzean argi dio PSE-EErekin itxitako akordioa dela dimisioa aurkezteko arrazoia. Bere hitzetan, erabaki "mingarria" izan arren, norberaren iritziak eta alderdiarenak bat ez datozenean, karguan jarraitzeak ez du zentzurik.

Lehendabiziko dimisio horren berria zabaldu eta gutxira iritsi da bigarrena. Amaia Albizu Eibarko Udaleko zinegotzi jeltzaleak ere karguari uko egingo diola jakinarazi du, arrazoi beragatik.

13 urteko ezin-ikusiaren ostean, PSE-EEk eta EAJk asteon iragarri dute koalizio Gobernua osatzeko akordioa. Bi alderdiotako ordezkariek atzo egin zuten agerraldia, itunaren nondik norakoak azaltzeko. Bat etorri ziren esatean itunak "egonkortasuna" eta "ziurtasuna" emango dizkiola herriari. Kostatakoa izan dela ere onartu zuten, hilabete askotako negoziazioak izan dituztela, eta bi alderdietako zuzendaritzek parte hartu dutela. 

Hain zuzen, prentsaurrekoan Mendikute egon ez izana deigarria izan zen, ete berehala hasi ziren zabaltzen jarraituko ote zuen susmoak. Agerraldian bertan, Eva Juez Eibarko Uri Buru Batzarreko presidenteak aitortu zuen akordioak arrakala eragin duela talde jeltzalean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena