Politika
AKORDIOA
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Itunaren aurkezpenean hutsune esanguratsu batek eman die arreta hedabideei. Josu Mendikute EAJren eleduna Eibarko Udalean ez da egon akordioa aurkezteko agerraldian. Gaiari buruz galdetuta, herri horretako Uri Buru Batzarreko arduradunak aitortu du ikuspuntu ezberdinak daudela taldean.
Eva Juez (EAJ) eta Jon Iraola (PSE-EE), gaur, Eibarren. Argazkia: EITB Media
Eibarko Udalari "egonkortasuna" ematea eta herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuak bultzatzea. 13 urteko ezin-ikusiaren ostean, PSE-EEk eta EAJk koalizio Gobernua osatzeko adostu duten akordioaren oinarrietako bi dira. Itunari esker, gehiengo osoa izango dute: sozialistek zortzi ordezkari dituzte, jeltzaleek eta EH Bilduk seina, eta Elkarrekin Podemosek, bakarra.
Atzo eman zuten akordioaren berri, eta gaur xehetasunak azaldu dituzte, hedabideen aurrean egindako agerraldi batean. Jon Iraola alkate sozialistak, Ana Telleria Eibarko PSE-EEko idazkariak, Eva Juez Eibarko Uri Buru Batzarreko buruak eta Alberto de la Hoz zinegotzi jeltzaleak eman dituzte azalpenak. Bat etorri dira esatean akordioak "egonkortasuna" eta "ziurtasuna" emango dizkiola herriari. Kostatako akordioa izan dela ere onartu dute, hilabete askotako negoziazioak izan dituztela, eta bi alderdietako zuzendaritzek parte hartu dutela.
Ez dute zehaztu zein proiektutan jarri diren ados, eta sail banaketaren berri besterik ez dute eman. Iraolak zuzenduko du Gobernu koalizioa, Telleria lehen alkateordea izango da, eta bigarren alkateordetza EAJko zinegotzi baten esku egongo da. Berdintasun, Gazteria, Euskara eta Mugikortasun eta Ingurumen sailak jeltzaleek kudeatuko dituzte. Gobernu Batzarra zortzi lagunek osatuko dute: alkateak, PSE-EEko lau zinegotzik eta EAJko beste hiruk.
Hutsune batek eman du arreta agerraldian. Josu Mendikute EAJren eleduna Eibarko Udalean ez da prentsaurrekoan izan, eta zergatia galdetuta, telefonoz EITBri erantzun dio azalpen guztiak alderdiaren barne organoetan emango dituela.
Juezek, bere aldetik, aitortu du ikuspuntu ezberdinak egon direla talde jeltzalean, baina ez du gaiari buruzko beste azalpenik eman. Mendikutek zinegotzi karguan jarraituko duen ere ez du argitu, erabakiari buruzko argibideak ematea berari dagokiola esanda.
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, berriz, haserre agertu dira, hedabideen bidez izan dutelako akordioaren berri. Harridura ere azaldu dute, esan dutenez, jakinekoak direlako jeltzaleen eta sozialisten arteko tira-birak. Biek ala biek uste dute akordioa lurralde zuzendaritzek sustatu dutela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa