Itxi

Politika

Pilarreko Andre Mariaren eguna

Guardia Zibilak Gasteizko erdigunean ospatu du gaur bere eguna, biktimen kritikei entzungor eginez

agentziak | eitb media

Memoria Osoa plataformak eta alderdi politiko batzuek, EH Bilduk tartean, gogor kritikatu dute Guardia Zibilaren ekitaldia lehenengo aldiz Sansomenditik Plaza Berrira eramatea.

0:44

Guardia Zibilak, Espainiako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren babesarekin, gaur Pilarreko Andre Mariaren eguneko ospakizuna Sansomenditik Gasteizko erdigunera eramateko erabakiak hautsak harrotu ditu, eta biktimen kritika gogorra jaso du.

EH Bildu bezala, Memoria Osoa plataforma, Estatuaren indarkeriaren biktimen 15 elkarte biltzen dituena, "haserre" agertu da erabaki horren aurrean, "birbiktimizatzea" ekarriko duelako.

11:00etan izan da Guardia Zibilaren ekitaldia Plaza Berrian, eta polizia taldeen jarduna txalotu dute.

Ordu erdi lehenago, berriz, "Guardia Zibilaren biktimei ahotsa emateko ekitaldia" antolatu du Memoria Osoak Artiumen.

Axun Lasa Joseba Azkarraga agurtzen, Artiumeko ekitaldian. Argazkia: EFE

Axun Lasa Joseba Azkarraga agurtzen, Artiumeko ekitaldian. Argazkia: EFE

Estatuaren indarkeriaren biktimek duela egun batzuk Gasteizen emandako prentsaurreko batean, Martxelo Otamendi Egunkariaren eta Berriaren zuzendari ohiak (Guardia Zibilaren torturen biktima) eta Axun Lasak (GALek hildako Joxean Lasaren arreba) agiri bat irakurri zuten Guardia Zibila "gure herriko milaka giza eskubideren urratzaile" dela salatzeko, eta gaurko ekitaldia "Estatuaren indarkeriaren biktimak birbiktimizatzea" dakarrela adierazteko.


Jose Antonio Mingorance Euskal Autonomia Erkidegoko Guardia Zibilaren jeneralak eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkariak zuzendu dute Pilarreko Andre Mariaren eguneko ekitaldia. Biek ala biek mezu itxaropentsua helarazi diete Plaza Berrira joan diren herritarrei.

"Hunkigarria eta itxaropentsua da ekitaldi hau Espainia Plazan egin ahal izatea, Gasteizko bihotzean, lasaitasunez eta normaltasun demokratikoz", adierazi du Garmendiak.

Bere hitzaldian, ETAk hildako eta zauritutako agenteen lana eskertu du Garmendiak. Horren hitzetan, "haiei esker lortu da gaur egun bakea eta askatasuna gailentzea Euskal Herrian". Era berean, "besarkada beroa" bidali die haien senitartekoei, gizartearen "isiltasuna eta mespretxua" jasan behar izan zituztelako.

EAEko Guardia Zibilaren jeneralak ere, bere diskurtsoan, "bizirik" mantendu nahi izan du ETAk eraildako agenteen memoria.