Politika
Elkarrizketa Radio Euskadin
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
EAJren EBBko presidenteak uste du "jauzi kualitatiboa" eman behar dela autogobernuaren auzian, eta "Gernikako Estatutuan konpondu ezin izan ziren gai kritikoak jaso", tartean nazio aitortza.
Ortuzar, Radio Euskadiko estudioetan, gaur. EITB Media
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearen iritzian, estatus politiko berriak nazio gisa aitortu beharko luke Euskadi, eta hori lortzeko jeltzaleek "argudio politiko, historiko eta demokratikoak" emango dituztela erantsi du. Aitortza hori ez jasotzea "etsigarria" litzatekeela gaineratu du.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, EAJk Gernikako Estatutuaren "erreforma administratibo soila" baino harago jo nahi du, eta "autogobernuaren alorrean jauzi kualitatiboa eman". Ortuzarrek beharrezko ikusten du agiri berri horrek 1979ko Estatutuan "konpondu ezin izan ziren gai kritiko eta goriak" jasotzea, tartean "nazio aitortza eta baita eskubide politiko jakin batzuk ere". "Orain hori lortzeko une aproposean gaude", argudiatu du; izan ere, "Euskadin erabakigarriak diren aktore politikoak" eta Madrilen "Pedro Sanchezen gobernua sustengatzen" dutenak "berberak" dira.
Akordioa lortzeko dauden "zailtasun tekniko eta politikoen jakitun" bada ere, EAEko indar politikoekin bilera sorta egiteko hartu-emanak hasi dituela iragarri du, eta bilera "diskretuak" izan direla zehaztu du. Ortuzarren hitzetan, estatus berriaren metodologia eta egutegia, biak, dira adostekoak, baina denbora mugatua dela ohartarazi du: "Leiho bat dugu zabalik, baina ez da infinitua". Horren harira, gogora ekarri du PSOErekin izenpetutako inbestidura akordioak urtebete eta erdiko epea —2025eko Gabonetara arte, gutxi gorabehera— ezartzen zuela etorkizuneko autogobernua adosteko.
EAJren zuzendaritza berritzeko barne prozesuaz eta EBB zuzentzen jarraituko duen galdetuta, erantzun du berak "aspaldi" hartu zuela erabakia, baina nabarmendu du ez duela publiko egingo EAJren oinarrien erabakia "ez baldintzatzeko". "Oinarriek hitz egin behar dute, askatasun osoz", erantsi du.
Halaber, aitortu du Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari ohiaren izena —"alderdikide bikaina", horren aburuz— "mahai gainean" dagoela BBB zuzentzeko, baina "beste hainbat izen" ere badaudela gaineratu du.
Azkenik, jeltzaleen barne prozesua "oztopatzeko komunikabide batzuek dituzten tentazio eta nahiak" salatu ditu. Horren aurrean, "defentsa tinkoa" egingo duela iragarri du. "Nire lana da jendea, gure oinarriak, gure batzokiak babestea, askatasunez erabaki dezaten", erantsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa