17:24

Politika

Bide-segurtasuna

Alkoholemia tasa 0,5etik 0,2ra jaisteko eskatu dio Diputatuen Kongresuak Espainiako Gobernuari

Agentziak | EITB Media

Proposamenak aurrera egin du PSOE, EAJ, ERC eta Sumarren babesarekin, eskuin muturreko Vox alderdiaren kontrako botoarekin eta PPren abstentzioarekin; hau da, aldeko 175 botorekin, kontrako 33rekin eta 138 abstentziorekin.

  • Ertzaintzaren kontrola. Artxiboko irudia: Irekia

    Ertzaintzaren kontrola. Artxiboko irudia: Irekia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Diputatuen Kongresuak PSOEren ekimena babestu du gaur, eta Espainiako Gobernuari gidatzeko garaian alkohol-tasa litroko 0,5 gramotik 0,2ra jaistea eskatu (0,1 miligramo arnastutako aire litroko).

PSOE, EAJ, ERC eta Sumarren babesarekin, PPren abstentziorekin eta eskuin muturreko Vox alderdiaren kontrako botoarekin egin du aurrera proposamenak. Ekimena asteartean eztabaidatu zuten, eta gaur bozkatu da: aldeko 175 boto, kontrako 33 eta 138 abstentzio.

Bere horretan bozkatu da; izan ere, sozialistek ez dute onartu PPk aurkeztutako zuzenketa. Bertan, Alderdi Popularrak alkoholak gidatzean dituen arriskuei buruzko kanpaina espezifikoak indartzea, sentsibilizazio mekanismoak areagotzea eta berrerorleentzako estrategiak zehaztea eskatzen zuen, besteak beste.

Alkoholemia-tasa jaistea Barne Ministerioaren helburuen artean dago, Fernando Grande-Marlaska ministroak eta Pere Navarro Trafikoko zuzendari nagusiak aurreratu zuten bezala, uste baitute "Espainiako gizarteak garaia" duela aldaketa hori onartzeko eta errepideetako ezbehar-tasa gehiago murrizteko.

Proposamenaren xedeen azalpenean, sozialistek argudiatu dute gidariek alkoholaren kontsumoa eta gidatzea aldi berean ez egiten ikasi duten arren, 2023an hildako gidarien % 32,7k alkoholemia-tasa positiboa eman zutela, Toxikologia eta Auzitegi Zientzia Institutu Nazionalaren datuen arabera.

PSOEren arabera, ikerketek diotenez, odol litroko 0,3 gramo alkoholetik gora, eta, bereziki, 0,5era arte, hau da, egungo mugatik gora, istripua izateko arriskua bi edo hiru aldiz handiagoa izan daiteke.

Proposamenaren eztabaidan, asteartean, Manuel Arribas Bide Segurtasuneko bozeramaile eta Avilako diputatuak Suedia eta Norvegiaren herrialdeen bideari jartzearen alde egin zuen, gidari guztiek 0,2 gramoko gehienezko alkohol tasa izatea ezarri baitute. "Eta badakizue zein izan den emaitza? Ezbeharrak eragindako heriotza-tasak askoz ere txikiagoak dira Espainian baino. Zehazki, Norvegian milioi bat biztanleko 21 hildako, Suedian milioi bat biztanleko 22. Badakizue zenbat hildako ditugun milioi bat biztanleko Espainian? 36", gogorarazi du.

Alderdi Popularraren aldetik, Angel Ibañez diputatuak "trilerismo politikoa" egotzi zion Espainiako Gobernuari, parlamentuko talde sozialista "Sanchezen lausengari hutsa" delako, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak "iragarri duena" egiteko eskatu diolako.

Bestalde, Maria Isabel Vaquero EAJko diputatuak kritikatu du proposamena dagoeneko Marlaskak "iragarritako" neurria izatea, baina, nolanahi ere, ekimenaren alde agertu da, "neurrizko kontsumo onargarriaren ideia gainditzen lagunduko duelako".

Sumarrek, Lander Martinez diputatua ordezkari, babestu egin du legez besteko proposamena, "norabide egokian urrats garrantzitsua" delako, baina "0 tasa helburua" izan beharko litzatekeela uste du.

Angel Lopez Voxeko diputatuak, aldiz, PSOEri aurpegiratu dio proposamen hori "arreta desbideratzeko" aurkeztu duela, eta galdetu du Behe Ganberatik irteteko kontrol bat jarriko balitz, diputatuetatik zenbatek emango luketen positibo alkoholemia-proban.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena