Politika
zigorren kommutatzea
Sanchezek ukatu egin du lege erreformak ETAko presoei kondena murriztuko diela
Agentziak | EITB Media
Bestalde, Feijook 5 eguneko epea eman dio Espainiako Gobernuko presidenteari, erreforma bertan behera uzteko.
-
Pedro Sanchez, gaur Kongresuan. EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Alberto Nuñez Feijoo PPko buruari zuzendu zaio gaur Kongresuan, eta esan dio popularrek jakin bazekitela zer bozkatzen ari ziren ETAko hainbat presoren askatasuna azkartuko ei duen lege erreforma babestu zutenean. Erea berean, ukatu egin du lege aldaketa horrek presoen kondenak murriztea ekarriko duela.
Migrazioari eta fiskalitateari buruzko saioa egin dute gaur Kongresuan, baina Feijook aipatutako erreformaren aurka egiteko erabili du bere hitzaldiaren zati handiena.
Horren aurrean, Sanchezek eskatu dio Gobernuari ez egozteko haien "akats propioak". "Ez egin ez ikusiarena", nabarmendu dio.
Bestalde, Sanchezek ukatu egin du lege erreformaren ondorioz ETAko presoen kondenak murriztuko direla: "atzerriko espetxeetan bete dituzten urteak kontuan hartuko dira, eta horrenbestez, 30 urteko kondena dutenek 30 urte beteko dituzte".
Gainera, legean aldaketa egitea "halabeharrezkoa" zela gogorarazi du, Europatik etorritako agindua zelako. "Zuek bazenekiten, eta horregatik bozkatu zenuten legearen alde", erantsi du.
Feijook 5 egun eman dizkio Sanchezi erreforma bertan behera uzteko
Bere aldetik, PPren presidenteak bost eguneko epea eman dio Sanchezi Europan betetako zigorrak aintzat hartzen dituen lege erreforma erretiratzeko. Hori egin ezean, beste inori "leziorik ez" emateko galdegin dio.
"Espresuki eskatu behar dizut ETAren terrorismoagatik kondenatutakoei 300 urte baino gehiagoko kartzela zigorra kentzen dien legea erretiratzea. Bost egun dituzu, urriaren 14ra arte. Kontzientzia apurra geratzen bazaizu, hura baliatu eta hausnarketa egin", esan du hitzarteari ekiteko. Migrazio politikaren inguruko saioa dute gaur Kongresuan, baina ETAko presoen auziaz hitz egiteko baliatu du PPko buruak.
Gai horretan autokritikarako tartea ere izan du Feijook: "PPk huts egin diela sentituko dute espainiar askok; arrazoia dute". Dena dela, azpimarratu du ez dela "gauza bera" "justifikaziorik gabeko akats bat egitea" eta "maltzurkeriaz lege bat sustatzea".
"PSOEko diputatuok, legea erretiratzen ez baduzue, gozatu zuon garaipen miserablea, baina ez ezazue berriro leziorik eman. Hortxe geratuko zarete betiko, Otegiren, Txapoteren eta gainerakoen txaloekin. Zuontzat txalo horiek eta sei botoak" (EH Bilduk Kongresuan dituen eserleku kopuruari erreferentzia eginda) bota du, PPko diputatuen txalo artean.
Francina Armengol Kongresuko presidenteak saioren gaiari buruz ez hitz egiteagatik kargu hartu dio Feijoori. "Presidenteak nahi beste hitz egin du Espainian sartzen diren pertsonen duintasunaz. Nik eskubide guztia daukat ETAk hildako espainiarren duintasunaz hitz egiteko, eta halaxe egingo dut!", erantzun du PPko buruak.