13:01

Politika

Eusko Legebiltzarra

Albiste faltsuen inguruko batzordea sortzea baztertu du Legebiltzarrak, taldeen arteko ika-mikaren ostean

Agentziak | EITB Media

EH Bilduk aurkeztutako proposamenak koalizio abertzalearen eta Sumarren legebiltzarkidearen babesa besterik ez du izan, eta, hortaz, atzera bota du Gasteizko Ganberak. 'Fake news' deiturikoen atzean egotea aurpegiratu diote elkarri.

  • Imanol Pradales lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean

    Imanol Pradales lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du albiste faltsuak edo fake news deiturikoak aztertzeko  ikerketa batzordea sortzeko EH Bilduk egindako proposamena. Bozketaren aurretik, talde politikoek eztabaida garratza izan dute, eta albiste faltsuak zabaltzea egotzi diote elkarri.

EH Bilduren ekimena ez da aurrera atera, koalizio abertzalearen eta Sumarren legebiltzarkidearen babesa besterik ez baitu izan. Aitzitik, EAJk, PSE-EEk, PPk eta Voxek kontra bozkatu dute.

Halaber, PPk eta Sumarrek aurkeztutako osoko zuzenketak ere ez ditu onartu Eusko Legebiltzarrak, bai, ordea, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten EAJk eta PSE-EEk aurkeztutakoa. Aipaturiko bi taldeek albiste faltsuen inguruko kezka adierazi dute, eta datu objektiboetan eta egiazko informazioan oinarritutako eztabaida politikoaren aldeko konpromisoa dutela adierazi dute. 

Talde politikoen arteko eztabaida itsusia izan da, eta "eskuetatik joan" zaiela onartu du amaieran Joseba Diez Antxustegi EAJren talde parlamentarioaren bozeramaileak.

Garikoitz Mujika legebiltzarkideak aurkeztu du proposamena, EH Bilduren izenean, eta albiste faltsuak patxadaz ikerketa batzorde batean aztertzearen garrantzia azpimarratu du. Halaber, EAJren bozeramailearen hitzartzea deitoratu du. 

Izan ere, Gogora Institutuko izendapenen harira desinformazio ariketa "tristea" egitea aurpegiratu dio EAJko Joseba Diez Antxustegi legebiltzarkideak EH Bilduri.

Aurrez aurrekoa ez da talde abertzaleen artekoa bakarrik izan, eta Ekain Ricok (PSE-EE) lokatzaren makina martxan jartzea egotzi dio PPri. "PP eta Vox desinformazioaren parte dira", gaineratu du.

Ana Morales PPko legebiltzarkideak EH Bilduren aurka egin du, eta ezkerreko blokeari men egingo dion kazetaritza soilik interesatzen zaiola aurpegiratu dio.

Ildo beretik hitz egin du Voxeko Amaia Martinez legebiltzarkideak ere. EH Bilduren ekimena "faltsua" dela salatu du, "terrorismoa kondenatu ez duelako eta kazetariei egindako jazarpenaren atzean egon delako".

Azkenik, Jon Hernandezek (Sumar) albiste faltsuen aurka egiteko neurri zehatzak defendatu ditu.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena