Politika
Elkarrizketa Euskadi Irratian
EITB Media
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Autogobernu sailburuaren arabera, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan EAJk eta EH Bilduk onartutako mozioek ez dute arrakalarik sortu Eusko Jaurlaritza sostengatzen duen koalizio gobernuan.
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Autogobernu sailburua, Euskadi Irratian
Azken egunotan erabakitzeko eskubidearen inguruan mozioak onartu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin. PSE-EE, aldiz, kontra agertu da. Desadostasunak desadostasun, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren ukatu egin du gobernu kide diren bi alderdien artean arrakalarik sortu dela. "Gobernu taldean, momentu honetan behintzat, lasaitasun handiarekin ari gara (eztabaida) jarraitzen", esan du.
Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin dioten elkarrizketan Ubarretxenak azaldu duenez, bi alderdiek sinatutako gobernu akordioak "oso ondo islatzen du gobernu jarduna" zein izan behar den eta gobernu guztia "leialtasun osoz" ari da dokumentua jarraitzen. Horren esanetan, Estatutu berria Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu eta adostu behar da, eta Eusko Jaurlaritzak hortik ateratzen dena errespetatuko du. Edozein kasutan, onartu du ahalik eta akordiorik zabalena izatea nahiko lukeela Eusko Jaurlaritzak.
Bestalde, Gernikako Estatutua betetzeko falta diren transferentzien negoziazioan aurrera egiteko asmoz, Arcadi España Lurralde Politiketako Estatu idazkariarekin elkartu eta biharamunean, bileraren balorazio "positiboa" egin du Ubarretxenak. Horren hitzetan, esku artean dituzten gaietan "aurrera egiteko" eta laster egitekoa den Aldebiko Lankidetza Batzordearen bilera prestatzeko baliatu zuten atzoko saioa.
Guztira, 29 eskumen falta dira eskualdatzeko, Gizarte Segurantzarena barne, eta Autogobernu sailburuaren esanetan, Espainiako Gobernuak mahai gainean ditu lehen sei eskumenak transferitzeko Eusko Jaurlaritzak igorritako proposamena. Lehen multzo horretan daude itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa, atzerritarren hasierako lan baimena, itsas salbamendua, meteorologia, makineria egiaztatzeko zentro nazionala (Barakaldo), eta zinematografia babesteko funtsa.
Pedro Sanchezen inbestidura babesteko EAJk sinatutako akordioa ekarri du gogora, izan ere, horren arabera, eskumenak eskualdatzeko bi urteko epea ezarri zuten. Ildo horretan, "baikor" mintzatu da eta Euskadik adostutakoa bete dadin "% 100"ean ekingo diola gaineratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa