19:28

Politika

MEMORIA HISTORIKOA

Frankisten iritsiera geldiarazteko ahaleginean hil ziren 14 gudari eta miliziano omendu dituzte Elgoibarren

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Maialen Gurrutxaga alkatea buru zela, 14 gudari eta miliziano lurperatzeko baliatu zituzten hobi komunak bisitatu dituzte. Urteroko hitzordua lore-eskaintza batekin amaitu dute.

  • Omenaldian parte hartu duten hainbat pertsona. Argazkia: @sabinoaranaf

    Omenaldian parte hartu duten hainbat pertsona. Argazkia: @sabinoaranaf

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

1936ko irailaren 25ean Zirardamendi-Aiastiako frontean (San Migel) hil ziren 14 gudari eta milizianoen omenez Elgoibarko Udalak urtero antolatzen duen lore-eskaintzan parte hartu dute erakunde, memoria-elkarte eta Sabino Arana Fundazioko hainbat ordezkarik.

Jose Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Felix Arbulu omendu dituzte.

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatea buru zela, 14 gudari eta miliziano horiek lurperatzeko baliatu zituzten hobi komunak bisitatu dituzte. 2012an atera zituen Aranzadi Zientzia Elkarteak gorpuak hobi horietatik.

Omenaldia amaitzeko, 1952an Jose Landa eta Jose Maria Otxoa de Txintxetru gudariek kideen omenez jarri zuten gurutzean lore-eskaintza egin dute. Senideak, lagunak, agintariak eta erakundeetako ordezkariak ere izan dira bertan. Hauek, besteak beste: Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramailea, Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoko zuzendaria, Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkidea, Bittori Zabala Gipuzkoako Foru Aldundiko Zerga eta Finantza Politikako zuzendaria, Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkate ohia eta Udalaren egungo korporazioko kideak.

Hilobi komunetara egindako bisitan, gudari eta miliziano gazte horien "sakrifizioa" nabarmendu du Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazioko historialariak, eta "memoria historikoa elkarbizitzarako eta adiskidetzerako giltzarri" dela defendatu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena