Itxi

Politika

krisi diplomatikoa

Pradales: "Atxilotutakoen egoera argitzeko Venezuelarekin harreman diplomatikoak izateko ahaleginean gaude"

Agencias | EITB Media

Lehendakariak aitortu duenez, ez dute "terroristatzat" jotako bi bilbotarren berririk. Era berean, nazioartean presio egitearen alde agertu da Maduroren "erregimen autoritarioa alda dadin".

  • Pradales, elkarrizketaren une batean.

    Pradales, elkarrizketaren une batean. EITB Media

Imanol Pradales lehendakariak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritza Venezuelarekin harreman diplomatikoak izan nahian dabil, terrorismoa egotzita atxilotuta dituzten bi bilbotarren egoera argitzeko. Pradalesen esanetan, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez ari dira lanean, hainbat herrialdetako enbaxadekin hitz egiten; horrez gain, Venezuelako kontsulatuarekin eta Espainiako Atzerri Gaietarako Ministerioarekin daude hartu-emanetan. 

"Espainia eta Venezuelaren arteko harremanak ez daude bere onenean, baina beti daude bideak, eta zabalik ditugu informazioa biltzeko eta batez ere familiei laguntzeko. Haiekin harremanetan gaude", azaldu du Telebilbao telebista katean eskaini duen elkarrizketa batean. 

Lehendakariak aitortu du ez dutela Basoa eta Martinezen berri. "Familiari laguntzeko ahaleginean gaude, eta informazioa, apurra bada ere, jasotzen dugun bakoitzean jakinarazten diegu, eurek dute-eta orain presio gehien", azpimarratu du. 

Venezuelako Gobernua "erregimen autoritario eta diktatoriala" dela salatu du lehendakariak, eta kezka agertu du EAEn hura "goratzen" dutenekin. "Venezuelan ez dira oinarrizkoenak diren eskubideak errespetatzen, tartean daude eskubide zibil, politiko eta giza eskubideak", kritikatu du. Horren adibide jarri du Edmundo Gonzalezen egoera: "Ematen du berak irabazi dituela hauteskundeak, eta Espainiako enbaxadatik aterarazi behar dute arriskuan zegoelako". 

Horren ildoan, nazioartean, "demokrazia aurreratu eta egonkorren aldetik presioa" egitearen alde azaldu da Maduroren "erregimen autoritarioa aldatu dadin". Pradalesen irudiko, AEBk esaterako "argi" hitz egin du auziaz. 

Sanchezekin bilera

Bihar, ostirala, Moncloan Espainiako gobernuburuarekin duen hitzorduaz galdetuta, Pradalesek erantzun du Gernikako Estatutua osorik betetzeko "hitzetatik ekintzetara" igarotzeko unea dela. 

"Hainbat transferentzia ditugu pendiente, Gernikako Estatutuan jasota daude. Auziari beste erritmo bat eman behar geniola adostu nuen, eta horren harira, EAJk badu akordio politikoa Sanchezekin inbestidura ahalbideratzeko. Itun hartan bi urteko epea ezarri zen, eta ezinbestean, gai oso garrantzitsua da niretzat", nabarmendu du. 

Gogora ekarri duenez, Sanchezek eta biek Aldebiko Lankidetza Batzorde Iraunkorra udazkenean egiteko adostu zuten, eta aurreratuen dauden eskumenak lehenbailehen transferitzeko deia egin du beste behin.  

Sei dira hurrengo hilabeteetan burutu beharreko eskualdatzeak: Itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa, immigrazioa (EAEn norbere edo besteren kontura lan egiten duten atzerritarrentzat lan baimena), Itsas Salbamendua, Meteorologia, Lan osasuna eta segurtasuna, eta zinematografia babesteko funtsa.