16:47

Politika

Nafarroa

Nafarroako gastu-muga 5.975 milioi eurokoa izango da 2025erako, % 2,4 gehiago

Agentziak | EITB

Estatuari eman beharreko 874 milioi eta Toki Ogasunen Funtsetara bideratu beharreko 331 milioi kenduta, gainerakoa (4.770 milioi, 2024an baino % 1,8 gehiago) Nafarroako Gobernuko departamentuen artean banatuko da.

  • Jose Luis Arasti eta Maria Chivite, ostegun honetan. EFE.

    Jose Luis Arasti eta Maria Chivite, ostegun honetan. EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nafarroako gastu-muga 5.974,8 milioi eurokoa izango da 2025erako, aurten baino 139 milioi (% 2,4) gehiago, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ostiral honetan jakitera eman duenez.

Estatuari eman beharreko 874 milioi eta Toki Ogasunen Funtsetara bideratu beharreko 331 milioi kenduta, gainerakoa (4.770 milioi, 2024an baino % 1,8 gehiago) Nafarroako Gobernuko departamentuen artean banatuko da.

Kontseilariak prentsaurrekoan adierazi duenez, gastu-muga horrek "jarraipena ematen dio azken urteetan Nafarroako Aurrekontuek, nazioarteko testuinguruaren gorabehera ekonomikoak gorabehera, izan duten hazkundeari", eta aurreratu du Gobernua sail bakoitzak izango duen gastu-muga zehazten ari dela. 

Gastu-muga ezartzeko prozedura

Muga finkatzeko prozesuan hainbat faktore hartu behar dira kontuan, hala nola Nafarroako Gobernuko departamentuen diru-sarrera ez-finantzarioen aurreikuspena (5.744 milioi euro) eta, bereziki, Foru Ogasunarena, zerga-sarrerei eta neurri fiskalen eraginari dagokienez; MRR funts europarren etorrera (1,9 milioi euro); defizitaren helburua, Estatuarekin negoziatu eta Foru Erkidegoko BPGaren % 0,3an kokatzen dena (ia 82 milioi euro termino absolutuetan); eta kontabilitateko doikuntzak, kasu honetan 148,6 milioi eurokoak.

Arastik azpimarratu duenez, hurrengo aurrekontuari begira helburuak "Nafarroako Gobernuak ezarri dituen lehentasunen ildoari eusten dio, hau da, gastu soziala indartzea eta baliabide publikoak hobetzea, erkidegoari sendotasun handiagoa emateko garapen ekonomikoari dagokionez".

Hori, kontseilariaren hitzetan, "Gobernu honen ezinbesteko beste helburu batekin uztartu behar da, hau da, baliabide publikoen kudeaketan zorroztasunari eta erantzukizunari eustearekin, horri esker kokatu baita Nafarroa Espainiako erkidego kaudimendunen artean".

Hurrengo urratsak

Gehienezko gastu-muga onartu ondoren, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua egiteko barne-prozesua hasiko da. Prozesu hori urriaren lehen hamabostaldian amaituko da, Nafarroako Gobernuak aurreproiektua onartzen duenean.

Behin aurreproiektua onartuta, testua Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseilura, Ingurumen Kontseilura eta Toki Araubideko Foru Batzordera igorriko da, irizpena eman dezaten, eta, azkenik, Gobernu bilkuran Foru Lege proiektu gisa onartuta, Nafarroako Parlamentura igorriko da, eztabaida dezaten.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena