Politika
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Esteban: "Gonzalez presidente aitortzeko erabakiak ez du EAJren eta Gobernuaren arteko harremana arrakalatu"
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Espainiako Diputatuen Kongresuan jeltzaleek duten bozeramailearen hitzetan, "ez dago ezelako gorabeherarik, pasarte hau tarteko". "Espekulazio hutsak dira, seguraski PPk sustatutakoak, arrakala hori interesatzen zaiolako", esan du.
-
Espainiako Diputatuen Kongresuan jeltzaleek duten bozeramaile Aitor Esteban
EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanaren osasunaz hitz egin du Espainiako Diputatuen Kongresuan jeltzaleek duten bozeramaile Aitor Estebanek, Euskai Irratiko "Faktoria" saioan, Felix Bolaños Espainiako Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministro sozialistarekin asteon izan duen bileraren harian.
Hain zuzen ere, EAJk Edmundo Gonzalez Venezuelako presidente gisa aitortzeko hartutako erabakiaz jardun du, eta argi utzi du horrek ez duela Espainiako Gobernuarekin duten harremanean arrakalarik sortu. "Ez dago ezelako gorabeherarik, pasarte hau tarteko. Espekulazio hutsak dira, seguraski PPk sustatutakoak, arrakala hori interesatzen zaiolako", esan du.
Erabakia hartzera zerk bultzatu dituen galdetuta, nabarmendu du "venezuelarrei erantzun bat ematea" zela lehentasuna, "demokraziaren defentsan". "Ez dakit pausoa onuragarria den ala ez, baina hitz egin dudan venezuelar guztiek behar zuten urrats hori", erantsi du.
Estebanek, halaber, azpimarratu du Parlamentuak jarrera politiko bat hartu behar zuela, eta orain Espainiako Gobernuak eskuak libre dituela nahi bezala jokatzeko.
Autogobernuaren afera hizpide, Diputatuen Kongresuko bozeramaile jeltzalea ziur da ez dela bat-batean helduko, baina "errealitateak horretara eramango gaitu", erantsi du. "Politikan ere, pausoak ematea da ibiltzeko modurik egokiena. Beharbada ez da legealdi honetan iritsiko, baina ahalegina egin behar dugu, irtenbide politiko bat lor dezakegulako", nabarmendu du.