Politika
Venezuela
Edmundo Gonzalez Venezuelako presidente hautetsi gisa aintzatesteko eskatu dio Kongresuak Gobernuari
EITB MEdia
Ez da ezustekorik izan eta Behe Ganberak onartu egin du PPren legez besteko proposamena, EAJren babesarekin eta PSOEren ezezkoarekin. Espainiarekiko harremanak eteteko eskatuko dio Venezuelako Parlamentuak Madurori.
Edmundo Gonzalez uztailaren 28ko Venezuelako hauteskundeetako irabazle eta beraz, Venezuelako presidente hautetsi gisa aitortzeko eskatu dio Espainiako Diputatuen Kongresuak Espainiako Gobernuari Alderdi Popularraren, Voxen, UPNren, Coalicion Canariaren eta Eusko Alderdi Jeltzalearen aldeko botoekin.
Ekimenak eskaera gehiago dakartza, hala nola, Nicolas Maduroren gobernuari "errepresioa berehala bertan behera uzteko" eskatzea, Venezuelako buruzagiei zigorrak "berriro ezartzea" eta Carter Zentroaren agerraldia babestea.
PPk aurkeztutako legez besteko proposamenak aldeko 177 boto, kontrako 164 eta abstentzio bat (Jose Luis Abalosena) izan ditu. Hala ere, ez du ondorio praktiko edo juridikorik.
EAJren aburuz, proposamen hori ez babestea Nicolas Maduroren garaipena onartzea litzateke. Hori dela eta, inbestidurako alderdien taldetik irten eta baiezko botoa eman du.
Ekimena asteartean, irailak 10, eztabaidatu zen Kongresuan, udako oporren osteko lehen osoko bilkuran.
Junts per Catalunyak ez zuen eztabaidan bere jarrera azaldu eta bozketaren unean kanpoan egon da, Bartzelonako Diadako ekitaldietara joan ahal izateko. Bere garaian, asteazken honetako ekimenak asteartean edo ostegunean bozkatzeko eskatu zion Mahaiari, baina ez du haren eskaria aintzat hartu.
Venezuelako oposizioko hainbat kidek bertatik bertara jarraitu zuten eztabaida, tartean Carolina Gonzalezek ere, igandetik asilo politikoa jaso zain Madrilen dagoen Edundo Gonzalezen alabak.
Europako Parlamentua, Kongresuaren urratsaren atzetik
Europako Parlamentuak irailaren 17an eztabaidatuko du Venezuelako emaitzen inguruan, Josep Borrell EBko Atzerri Politikarako goi ordezkariarekin batera. Ebazpenari buruzko bozketa irailaren 19an, osteguna, egingo da.
Oihane Agirregoitia EAJko europarlamentariak Renew Europe alderdiaren izenean proposatutako ebazpenaren bidez, oposizioko hautagaia hauteskundeetako irabazle gisa onartu eta Latinoamerikako herrialdearen egoera politikoa salatu nahi da.
Gobernuak ez dio Kongresuaren eskakizunari jarraituko
Venezuelarekin "negoziatzeko tartea" izan nahi du Espainiako Gobernuak eta, hortaz, ez du berehalakoan Gonzalez onartuko. Hala baieztatu du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak. Horrez gain, Europar Batasunean jarrera bateratua lortzeko lanean ari dela nabarmendu du. Espainiaren jarrera "zentzuzkoa" dela uste du Sanchezek, eta oposizioari aurpegiratu dio gobernuaren ekimen guztien aurka egitea.
Espainiarekiko harremanak eteteko eskatuko dio Venezuelako Parlamentuak Madurori
Kongresuaren proposamenaren ostean, Venezuelako Parlamentua ebazpen bat prestatzen ari da Nicolas Maduroren Gobernuari eskatzeko Espainiarekin "harreman diplomatiko, kontsular, ekonomiko eta komertzial guztiak" hausteko.
Venezuelako Gobernuaren errefusa
Diosdado Cabello Venezuelako Barne ministroak errefusatu egin du Espainiako Kongresuaren proposamena, eta "kolonialismoarekin" lotu du: "Zer demontre esan behar du Espainiako Kongresuak Venezuelako barne arazoei buruz?".
"Kolonia garela uste dute, eta inperioa direla uste dute. Hemendik bota genituen duela 300 urte, eta berriro botako ditugu Venezuelako barne arazoetan sartzen saiatzen diren bakoitzean", esan du Cabellok, eta gehitu du oposizioak "mundu osoaren gaitzespena" jaso beharko lukeela.