Politika
Katalunia
agentziak | eitb media
PPren esku dauden erkidegoak konstituzio-kontrakotasun helegiteak aurkezten ari dira. Madril, Kantabria, Aragoi, Andaluzia, Murtzia, Galizia eta Valentziako gobernuek jarri dituzte jada eta besteak prestatzen ari dira. Horiekin batera, Gaztela-Mantxako gobernu sozialistak ere jarri du helegitea.
Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: EFE
Konstituzio Auzitegiak hamar bat errekurtso jaso ditu dagoeneko amnistia legearen aurka. Gehienak Alderdi Popularrak gobernatutako autonomia erkidegoek aurkeztu dituzte baina baita gobernu autonomiko sozialista batek ere, Gaztela-Mantxakoak, hain zuzen ere. Asteazkenean amaituko da errekurtsoak aurkezteko epea.
Isabel Diaz Ayuso buru duen Madrilgo Erkidegoko Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean aurkeztua du Amnistia Legearen aurkako helegitea eta, aldi berean, Candido Conde Pumpido, Juan Carlos Campo eta Laura Diez magistratuen errekusazioa eskatu du, "PSOErekin duten lotura publiko eta nabarmenagatik", horrek "ezgaitu" egiten dituelakoan arauaren "konstituzionaltasuna epaitzeko".
Horixe jakinarazi du Diaz Ayusok Nueva Economia Forumek antolatutako gosari informatiboan, eta adierazi du "Katalunian estatu kolpea ematen saiatu zirenen aginduz idatzitako lege arbitrario eta guztiz inkonstituzionala" dela.
Diaz Ayusoren arabera, legea Pedro Sanchezen Espainiako Gobernuaren "beste pauso bat" da "gutxigatik boterean jarraitu ahal izateko hasi zuen Zuzenbide-Estatua suntsitzeko prozesuan".
Galiziak Madrilek esandako gauza bera argudiatu du bere errekurtsoan.
Bestalde, Maria Jose Gonzalez Revuelta Kantabriako Parlamentuko presidenteak azaldu du aurkeztu duten helegitean lege organikoa osorik baliogabetzea eskatu dutela.
Gonzalez Revueltak uste du babes "osoa" izan duela helegiteak, nahiz eta Talde Sozialistak aurka bozkatu duen eta PRC abstenitu egin den, eta "Kantabriako herritarren gehiengoaren nahia" ere badela.
Aragoiko Gobernuaren zerbitzu juridikoek ere gaur aurkeztu dute Amnistia Legearen aurkako helegitea. Kasu horretan, botere judizialaren esklusibotasun eta independentzia printzipioak urratzen dituela argudiatu dute.
Juanma Morenok gidatzen duen Andaluziako Gobernuak helegitea sartu du, eta Conde-Pumpido, Campo eta Diez magistratuak errekusatzea eskatu du, Madrilek egin duen moduan.
Valentziako Generalitateak arratsaldean onartu du Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztea, Justiziaren aurrean "espainiar guztiak berdinak" izan daitezen.
Fernando Lopez Miras Murtziako Erkidegoko presidenteak ere gauza bera egin dutela azaldu du, legea "lotsagarria" delako, "espainiarren artean desberdintasun gehiago" sortzen duelako, eta "botere banaketa urratzen" duelako.
Errioxak, berriz, biharko Gobernu Kontseiluan erabakiko du helegitea aurkeztu ala ez.
PPrena ez den gobernu batek ere aurkeztu du helegitea, Emiliano Garcia-Page sozialistaren Gaztela-Mantxak, hain zuzen ere. Esther Padilla bozeramaileak esan du kontsulta kontseiluak oso txosten "irmoa" egin zuela gaiaren inguruan, eta eskumena aitortzen ziola erkidegoari helegitea aurkezteko, "inkonstituzionala den eta herritarren arteko berdintasun printzipioa hausten duen" legearen aurka.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa