Politika
Batzorde Federala
agentziak | eitb media
Espainiako presidenteak aurreratu duenez, azaroan PSOEk Sevillan egingo duen Kongresu Federalean bere burua aurkeztuko du berriro PSOEren idazkari nagusi izateko, "optimismorako garaia" baita.
PSOEren Batzorde Federala. Argazkia: EFE
PSOEren Batzorde Federalak bilera eguna izan du gaurkoa. Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez eta Kataluniako finantzaketa kritikatzen duten baroi sozialistak aurrez aurre izan dira Ferrazen. Sanchezek berak zuzendutako hitzorduan baroi sozialista gehienek hartu dute parte, Kataluniak finantzaketa eredu berezia izan dezan ERCrekin egindako ituna begiz jo duten zenbait tartean direla.
Bileraren hasiera bateko helburua azaroko Kongresu Federala ofizialki deitzea bazen ere, finantzaketa autonomikoak hartu du lekurik garranzitsuena, erkidegoetako presidenteek beren desadostasunak eta zalantzak jarri baitituzte mahai gainean.
Parte-hartzaileen artean, Gaztela-Mantxako buru Emiliano Garcia-Page eta Aragoiko buruzagi Javier Lamban izan dira, Sanchez gogorren kritikatu duten sozialistetako bi.
Generalitateko presidente berri Salvador Illari gorazarre eginez hasi du agerraldia Sanchezek, eta, esan duenez, finantzaketa autonomikoaren "benetako eztabaida" ez da lurraldeen artekoa izan behar, "ereduen artekoa baizik". PPren aurka egiteko ere aprobetxatu du solasaldia, eta Estatuko dirua erabilita "aberatsenei opari fiskalak egitea" aurpegiratu dio.
"Transferentzia gehiago egingo ditugu, berezitasunak onartuko ditugu eta karga gehiago kudeatu eta diru gehiago bildu nahi duten autonomia erkidegoei beren bidea egiten utziko diegu, jokabide horrek bat egiten duelako gure Estatu federalarekin", esan du PSCren eta ERCren artean itundutako akordioa zuzenean aipatu gabe.
Hala nahi duten autonomia erkidego guztiei "diru gehiago biltzeko eta kudeatzeko" atea ireki die Sanchezek, "autonomikoa deitzen diogun gure Estatu federalarekin koherentea" dela iritzita.
Euskadiko, Galiziako, Balearretako, Valentziako eta Murtziako presidenteak, finantzaketa bereziaren alde
Gainerako lurraldeei mesede egingo dielakoan eta Espainiarentzat aukera ona dela iritzita, finantzaketa bereziaren alde egin dute Euskadiko, Galiziako, Balearretako, Valentziako eta Murtziako presidente sozialistek.
Ahots kritikoak ere izan dira. ERCrekin adostutako aurreakordioa aztertzeko gogoa erakutsi du Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxako PSOEko idazkari nagusiak. Bertara iristean komunikabideei adierazi dienaren arabera, "arduratuta" dago, "bai herrialdeagatik, baita ezkerraren eta sozialdemokraziaren oinarrizko baloreengatik ere".
Javier Lamban Aragoiko PSOEko idazkari nagusia ere kritiko agertu da. Katalunian finantzaketa-eredu berezia aplikatzea elkartasunaren eta kohesioaren ikuspegitik "herrialdea leherraraziko lukeen lehergailu baten metxa modukoa" izango litzatekeela ohartarazi du.
PSOEren idazkari nagusi izateko aurkeztuko da berriro Sanchez
Gaur, larunbatarekin, aurreratu duenez, azaroan Sevillan PSOEk egingo duen Kongresu Federalean bere burua aurkeztuko du berriro Sanchezek PSOEren idazkari nagusi izateko, "optimismorako garaia" baita.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa