Politika
Osaun-ituna
EITB Media
Alderdi politikoek, eragile sozialek, sindikatuek, elkargo profesionalek eta unibertsitateek ontzat jo dute ekimena eta lehen bilera. Eusko Jaurlaritzak egindako lehen diagnostikoaren balizko gabeziak azpimarratu dituzte eta ekarpenak egiteko borondatea agertu dute.
Pradales ordezkari politiko eta sindikalekin hizketan. EFE.
Ostegun honetan jarri da martxan EAEko osasun publikoari buruzko mahaia, Imanol Pradales lehendakaria buru zela egin duten lehen bilerarekin. Bilera horretan, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzaren egoerari buruz egindako diagnostikoaren dokumentua partekatu du mahaiko gainerako kideekin.
Lehen bileran, hainbat alderdi politiko, gizarte-eragile, sindikatu, elkargo profesional eta unibertsitateetako ordezkariak izan dira. Mahaia askotarikoa izango da, beraz, baina absentziak ere izan izango ditu. Batetik, ELA sindikatuarena, uko egin baitio mahaian parte hartzeari. Bestetik, Vox, lehendakariak hala erabakita. Aldiz, hasieran gonbidatuta egon ez arren, ESK sindikatuak parte hartu nahi duela adierazi dio Eusko Jaurlaritzari, eta hark onartuta, datorren bileratik aurrera batuko da mahaira.
Lehenengo bilera horretan parte hartu duten gehienek balorazio "positiboa" egin dute, baina Eusko Jaurlaritzak egindako lehen diagnostikoaren balizko gabeziak ere azpimarratu dituzte eta ekarpenak egiteko borondatea agertu dute.
Ordezkari politikoen artean, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea "baikor" atera da lehen bileratik. Lehendakariak, Osasun sailburuak eta Javier Meana Mahaiko idazkari teknikoak osasun-itun hau "onbideratzeko" gaur egin duten planteamendua bere egiten duela ziurtatu du, bai diagnostikoren edukietan, bai aurrera begirako metodologian ere, "zentzuzko epe batean ituna ondo atera dadin".
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, ekimena bera "azken urteotan indarrean egon den gobernantzari zuzenketa" da. Bere alderdia pozik agertu da osasunaren arloan itun bat lortzen saiatzeko deialdiarekin, baina, zehaztu duenez, "ikusiko dugu zertan gauzatzen den"; izan ere, "itun bat ez da nahikoa", gero "bete egin behar da, eta, bitartean, neurriak hartu behar dira egunerokoaren kudeaketa eredua eraldatzeko".
PSE-EEk mahaian duen ordezkari Jon Armentiak, lanbidez medikua eta Gasteizko bigarren alkateorde eta zinegotziak, bilera "ona" izan dela esan du, bilera "teknikoa" izan dela zehazteaz gain. Adierazi duenez, bera eta bere alderdia "oso gustura daude euskal osasun publikoak dituen arazoak interpretatzeko eta horiek konpontzeko planteatutako moduarekin", eta "une oro laguntzeko" asmo irmoa agertu du.
Javier de Andres Euskadiko PPko presidenteak "positibotzat eta oso interesgarritzat" jo du bilera. Irteeran, Osakidetzaren beraren osasunaren diagnostikoa egiteko beharra azpimarratu du, bilerak "osasun-arretako zerbitzuan hutsune bat dagoela agerian utzi duelako" haren iritziz. Aurreratu du haren taldearen ekarpenak hainbat arlotan oinarrituko direla, hala nola gehiegizko burokratizazioan eta langileen behin-behinekotasunean.
Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak adierazi du bere alderdiak ekimenean parte hartzen duela ez diolako uko egingo "Euskadiko osasun publikoa defendatzen jarrai dezakeen foro batean egoteari", baina zehaztu du "nolabaiteko eszeptizismoarekin" doala, Eusko Jaurlaritzaren politikekin dituzten "aldeengatik".
Sindikatuei dagokienez, Amaia Mayor Satse erizainen sindikatuko idazkari nagusiak adierazi duenez, "sentsazio onarekin" irten da lehen bileratik, eta espero du eragileak "gai izatea euskal gizartearen mailan egongo den osasun-itun bat lortzeko lan egiteko", osasun sistema "bikaina" lortzeko. Bere sindikatuak "diagnostikoaren zati batekin" bat datorrela adierazi du, baina ez duela bat egiten zenbait punturekin, eta hori orain aldeek aurkeztu behar dituzten alegazioetan eta ekarpenetan nabarmenduko dutela adierazi du. Gobernuak horretarako jarritako 15 eguneko epea "estua" den arren, Satse ekarpenak epe barruan egiten saiatuko dela nabarmendu du.
CCOO Euskadiko Arlo Publikoko eta Osasun Federazioko arduradun Iñigo Garduñok adierazi du osasun-ituna lortzeko prest daudela, baina "edukiak" izan behar dituela. Garduñok begi onez hartu du elkarrizketa mahaia ireki izana eta "osasun demokratikorako itun batera iristeko aukera". Zentzu horretan, sindikatuak ekimena "Euskadiko osasun-sistema publikoaren errebindikazio, defentsa eta indartze" gisa planteatzen duela adierazi du, ez bakarrik Osakidetzarena, sistema osoarena baizik. Era berean, azpimarratu du osasun-profesionalen lan-baldintzak CCOOrentzat "garrantzitsuak" izango direla.
Bestalde, LABek azaldu du bere helburua euskal osasun sistema publiko indartsua lortzea dela, eta ohartarazi du mahaian parte hartzeak ez duela esan nahi azken itunean egongo denik. "Negoziazio kolektiboan egin beharreko aldaketekin eta osasun sistema indartzeko hartu beharreko neurriekin lotuta egongo da hori", esan du, ohar batean.
UGTk ere osasun publikoaren defentsarekin eta hobekuntzarekin duen konpromisoa berretsi du eta osasun sisteman "egiturazko aldaketa ezartzeko premia" azpimarratu du.
Bileran parte hartu dute, halaber, pazienteen eta profesionalen ordezkariek. Prest agertu dira euskal osasun publikoa hobetuko duen itun bat lortzeko lan egiteko.
Pazienteen Erakundeen Plataformako zuzendariak, Pedro Carrascalek, ontzat jo mahaiaren ibilbidearen hasiera, hain zuzen ere, pazienteak, "osasun-sistemak ongi funtziona dezan nahi duten lehenak" bertan parte hartzera gonbidatu baitituzte. Hori dela eta, etorkizunean "sistema hobea eta osasun hobea" izateko euren ekarpena egiteko prest agertu da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa