Politika
osasun-ituna
Osakidetzaren etorkizuna marrazten hasteko lehen bilera
A. S. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Euskadiko Osasunaren etorkizunari begira oinarriak eta metodologia ezartzeko lehen hartu-emana da bilera, eta hainbat alderdi politikok, gizarte-eragilek, elkargo profesionalek, unibertsitatek eta sindikatuk parte hartuko dute, ELAk izan ezik.
-
EITB MEDIA
Udako oporraldiaren ondotik, ikasturte politikoa martxan da Euskal Herrian, eta erdigunean gai nagusi bat harturik itzuli da gainera: osasuna. Azken boladan, kezka iturri nagusi bilakatu da Osakidetza eta osasun publikoaren kudeaketa bera, eta, egoera konpondu asmoz, Jaurlaritzak arreta hori hobetzeko formulak bilatzeari ekin nahi dio hurrengo hilabeteotan.
Hala, ostegun honetarako, irailaren 5erako, osasunarekin lotutako eragile guztiak lehenengoz mahaiaren bueltan esertzera deitu ditu, azkenaldian sona handia hartzen ari den osasun-itunean aurrera egiteko. Jaurlaritzak sei hilabeteko epea ezarri du akordioa erdiesteko, hau da, datorren urteko martxora arte.
Hitzordua goizeko 11:00etan da, Bilboko Bizkaia Aretoan, eta alderdi politikoek, gizarte-eragileek, sindikatuek, elkargo profesionalek eta unibertsitateek hartuko dute parte. Eusko Jaurlaritzaren esanetan, deitutako erakundeak, oro har, lankidetzarako prest agertu dira, ELA salbu; izan ere, hitzorduaren bezperan sindikatu abertzaleak baieztatu du ez dela bileran izango. Horren aburuz, mahai berri bat baino, Osakidetzak "premiazko eta egiturazko aldaketak behar ditu", eta bilerak propopaganda kutsua duela nabarmendu du.
Sindikatu abertzalea ez ezik, Vox alderdia ere bileratik kanpo geratu da, Pradales lehendakariak aurretik egindako bilera errondan egin moduan, hitzordu honetara ere ez baitu gonbidatu. Dena ondo bidean, hortaz, inplikatutako gainerako talde eta eragile guztiak mahaiaren bueltan elkartuko dira gaur goizean.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Alberto Martinez Osasun sailburuak gidatuko dute bilera, eta Osakidetzaren etorkizunerako oinarriak eta metodologia ezartzeko lehen hartu-emana izango da. Mahaiak egingo dituen lanak Javier Meanak koordinatuko ditu, EHUko Farmakologiako katedradunak.
Jaurlaritzak aurreratu duenez, Martinez sailburuak dokumentu bat aurkeztuko die bertaratutakoei, eta dokumentu hori irekita egongo da hobekuntzetarako eta eztabaidarako, mahaiko kideen artean adostutako testu berri bat lortu arte. Dokumentu berria idatzi ondotik, delako "herri-ituna" lortzeko hurrengo faseei ekingo zaie.
Dokumentuaren edukia ezezaguna da, baina zalantzarik ez dago langile eskasiari aurre egiteko neurriak, lehen mailako arreta bereziki erakargarriago egingo duten pizgarriak emateko beharra edo Osakidetzak berak behar dituen inbertsioak izango dituela ardatz, besteak beste. Herritarren ikuspegitik, berriz, lehen arretan izaten ari diren atzerapenak eta osasun mentalari dagokionez eman beharreko pausoak lirateke eskaera nagusiak.
Jaurlaritzak nabarmendu du bilerak bidea hasten lagunduko duela Osasun Sistemaren inguruan "ahalik eta akordio zabalena lortzeko", eta, beraz, bilera eraikitzailea izatea espero dute. Nolanahi ere, lehendakariak duela egun batzuk egindako adierazpenetan garbi utzi zuen ez direla osasun-itunaren zain egongo Osakidetzan hobekuntza neurriak hartzeko.
Oraingoz, Pradalesek "ekintza-plan bat" proposatu du Lehen Mailako Arreta hobetzeko eta Euskal Osasun Sistemako kirugiak egiteko itxaron-zerrenda murrizteko, eta Osakidetzako langileen "egonkortasuna" bermatuko duten Lan Eskaintza Publikoen deialdia eta 2030erako 1.000 milioiko inbertsio-plan bat hitz eman du, azpiegiturak modernizatu eta handitzeko.