Politika
ESPAINIAKO GOBERNUA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Abiatu berri den urte politikorako helburu eta lan-ildo nagusiak aurkeztu ditu Espainiako Gobernuko presidenteak. Fiskalitate progresiboagoa lortzeko hainbat neurri agindu ditu, "gehien duenak gehiago ordain dezan".
Pedro Sanchez, gaur, Madrilen. Argazkia: EFE
"Bankuan 100 bizitza bizitzeko adina diru" dutenentzat zerga igoera iragarri du gaur Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. "Ez dugu egingo milioidunak kaltetzeko, erabat bidegabea den sistema batean klase ertaineko herritarrak babesteko baizik", zehaztu du, bere Gobernuak urte politiko berrirako dituen erronkak aurkezteko egin duen agerraldian, Madrilen.
Finantzazio sistema "bidezkoagoa" eta "erkidego guztientzat baliabide gehiago" agindu ditu, eta horretarako "eliteen pribilegioak" mugatzeko neurri berriak abian jarriko dituztela jakinarazi du.
Zenbait iragarpen zehatz ere egin ditu gobernuburu espainiarrak. Besteak beste, baieztatu du datorren astean egingo den Ministroen Kontseiluan 2025erako gastu-sabaia onartuko dutela. Aurrekontu Orokorren proposamena aurkeztu aurreko urratsa izaten da hori, eta esan duenez, "koalizio-gobernuaren DNA" eramango dute kontuek. Ziurtatu du bere Gobernuak "aurrekontu sozialagoen" alde egingo duela lan, "inbertsio publikoa sendotuz eta zabalduz, azken sei urteotan bezala".
Halaber, lanaldia astean 37,5 ordura murrizteko konpromisoa berretsi du, "espainiar guztiek bizitzeko lan egin dezaten, eta ez lan egiteko bizi". Baita ere, azaldu du ikasturte politiko berrian lanbide arteko gutxieneko soldataren araudi espainiarra Europako zuzentarauan ezarritako estandarretara egokituko dela.
"Luzerako gobernua"
Legealdia amaitzeko hiru urte aurretik direla, Sanchezek ohartarazi du "luzerako gobernua" dagoela eta ziur agertu da gai izango direla akordioetara iristeko. Hala, eskua luzatu eta laguntza eskatu die talde guztiei, "aurrerapausoak elkarrekin batera" emateko.
"Azken urteotan ezer ikasi badugu", erantsi du, "haizea kontra izanda ere aurrera egiten izan da". "Pilak kargatuta gatoz, gogotsu, proiektuz beteta eta baikor".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa