Politika
osasun-ituna
A. S | EITB MEDIA
Hala jakinarazi dio sindikatu abertzaleak Imanol Pradales lehendakariari, ohar bidez. ELAren arabera, Osakidetzak "beste mahai bat baino, berehalako eta egiturazko neurriak behar ditu", eta uste du mahaiak propaganda kutsutik gehiago duela osasun alorrean sakoneko aldaketak egitetik baino.
Albisteak (1)
Zalantza zegoen, eta ELAk baieztatu egin du ez duela parte hartuko ostegunean egitekoa den osasun-itunaren lehen bileran. Sindikatuak uste du "beste mahai bat baino", Osakidetzak "berehalako eta egiturazko neurriak" behar dituela. Hala jakinarazi dio sindikatuak Imanol Pradales lehendakariari, gutun bidez.
ELAren iritziz, Gobernuak "ez du osasun arloan sakoneko aldaketarik egiteko asmorik, eta uste du mahai horrek propaganda kutsua duela, osasun alorrean sakoneko aldaketak egiteko asmoa baino. Hala, lehendakariaren ekimenaren "sinesgarritasun falta" salatu du.
Oharrean, sindikatuak adierazi du Osasungintza "publikoa indartzea eta osasun pribatura bideratutako baliabideak murriztea" direla lehentasunak, baita "lan baldintzak hobetzea eta aurrekontua nabarmen handitzea" ere.
Horregatik, iragarri du ez duela mahaian parte hartuko, funtsean, ez duelako ikusten Jaurlaritzak borondate argirik duenik Osakidetzan egiturazko aldaketak egiteko, eta ez duelako ulertzen, gainerako sindikatuei jakinarazi gabe, aparteko orduen sistema berria medikuen sindikatuarekin alde bakarrez negoziatu izana.
Asteartean Maria Ubarretxena Gasteizko Exekutiboko eledunak, Gobernu Bileraren osteko agerraldian, esan zuen ELA sindikatua bileran izatea nahi zuela; izan ere, gainerako sindikatuek, alderdi politikoek, elkargo profesionalek eta unibertsitateek baieztatuta zuten bertan izango direla, ez, ordea, ELAk. Ubarretxenaren arabera, gaiak duen "garrantzia" kontuan izanda, "eragile guztien ekarpenak beharrezkoak" dira.
Azkenean, baina, ELAk erabaki du bileran parterik ez hartzea. Biharko du hitzordua egina Jaurlaritzak, Bilbon, goizeko 11:00etarako, eta hainbat eragile elkartuko dira, lehen aldiz, osasun ituna lortzeko helburua duen mahai horretan.
"Atsekabea"
Berria "atsekabez" hartu du Imanol Pradales lehendakariak, eta uste du ELAk sindikatuaren interesak lehenetsi dituela, euskal gizartearen interes orokorraren gainetik. "Gure herrian ordezkaritza handiena duen sindikatuak ez du uste garrantzitsua denik osasun sistema hobetzeko bilera batean parte hartzea eta hori atsekabez hartzeko berria da", esan du, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentearekin bildu ondoren egin duen agerraldian.
"ELAk gaur bere burua alboratu" badu ere, erantsi du, "beti izango du aulkia gordeta osasunaren alde lan egiteko buzoa jantzi nahi duenerako".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa