Politika
EUSKADI IRRATIA
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
AHTaren inguruan sortu den zalapartarekin "harrituta" agertu da Gipuzkoako diputatu nagusia. "Hasieratik", Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Aldundiaren jarrera berdina izan dela berretsi du. "Funtzionalitate" zein "ingurugiro" aldetik Ezkiokoa da aukera "eraginkorrena", bere hitzetan.
Eider Mendoza, gaur, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB Media
Bideoak (1)
Azken asteotako hizpide bihurtu da Abiadura Handiko Trenaren EAEko eta Nafarroaren arteko lotunea nondik egin, eta erakundeetako ordezkarien adierazpenek aditzera eman dute jarrera ez dagoela erabat finkatuta. Horren aurrean, zalantzak uxatu nahi izan ditu Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak, eta bereari eutsi dio. Beste behin, irmo esan du "ikuspegi guztietatik" lotunea Ezkio-Itsason egitea dela aukera "eraginkorrena". Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren 2018ko alegazio-txostena ekarri du gogora, eta azaldu du bertan bi aukeren alderaketa egin eta Gipuzkoakoa hobetsi zela.
Imanol Pradales lehendakariak herenegun emandako azalpenak berriro aipatu ditu, ondorengoa argitzeko: "Jaurlaritzak esan zuen gu erabakigarriak izango garela, estrategikoa delako proiektua herri honentzat. Espainiako Gobernuak txostenak egiteko denborarik edo talenturik ez duela izan orain arte? Ez dadila hori aitzakia izan eta txostenak daudenean hartuko dugu erabakia. Posizioa hori izan da (...), irakurketa ezberdinak egin daitezke, baina honetan interesa argia da Ezkioren aldekoa. Eta lehendakariak esan zuen Arabatik saturazio arriskua dagoela".
AHTaren lanetan izaten ari diren "atzerapen ikaragarriak" ez direla onargarriak erantsi du, eta Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioari egin behar diren txosten teknikoak lehenbailehen egin ditzala eskatu, "txostenak egiteko alferkeria teknikoa" ez delako "onargarria". "Espainiako Gobernuak dio ari direla txosten batzuk egin nahian, baina kosta egiten zaiela, trabak jartzen ari direlako hainbat lekutan (...) txostenak egin beharra dago, alferkeria teknikoa ez delako onargarria gai honetan. Hori da Jaurlaritza eskatzen ari dena".
Prozesu honetan "exijenteak" izango direla argi utzita, azken erabakia partekatua izango dela nabarmendu du. "Hiru aldekoa izango da erabakia (...), ez du Espainiako Gobernuak bakarrik hartuko, konbentzituta gaude".
Bestalde, zerga-erreforma ere izan du hizpide, hori baita, bere hitzetan, Gipuzkoako Aldundiak legealdi honetan mahai gainean duen "erronka handienetako" bat. Zentzu horretan, "baikor" agertu da eta uste du gai honetan alderdi guztiekin "adostasunak" aurkitzeko gai izango direla. "Gipuzkoar guztien ongizate integrala" erdigunean jarrita marraztuko dituztela etorkizuneko politika fiskalak ziurtatu du. "Errealista ikusten dugu adostasunak bilatzea alderdiekin, EH Bildu zein PPrekin. Errealitatea delako gizarteak eskatzen dizkigula guztioi".
Horrekin lotuta, uda aurretik eta "diskretuki", hasiak dituzte hurrengo urteko aurrekontuak ixteko bilerak. Zehaztu duenez, "hartu-emanak ez dira mugatuko 2025eko aurrekontuetara, baizik eta legealdi osora begirako proiektu estrategikoetara, eta, noski, fiskalitatera".
Azkenik, Hondarribiko Alardean azken hilabeteotan eman diren urratsei buruz —lehenbiziko aldiz, Jaizkibelek konpainia gisa desfilatuko du— ere aritu da, eta egindako lana "positiboa" dela iritzi dio. "Borondatea badago egoera lasaitzeko, eta, guretzat, hori positiboa da".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa