16:03

Politika

ABIADURA HANDIKO TRENA

AHTaren eta Nafarroaren arteko lotuneak erakundeen arteko interpretazio ezberdinak bistaratu ditu

EITB Media

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak ziurtzat eman badu ere Jaurlaritzak Ezkio-Itsasoren aldeko hautua finkatuta duela, Maria Ubarretxena Gasteizko Gobernuko eledunak berretsi du erabakia hartzeke dagoela eta txosten tekniko guztiak aztertzeko zain daudela.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Abiadura Handiko Trenaren eta Nafarroaren arteko lotunea Ezkio-Itsason ala Gasteizen izango den argitu gabe jarraitzen dute erakundeek. Ez hori bakarrik, ordezkari batzuen eta besteen arteko adierazpenak ez datoz bat.

Atzo Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Imanol Pradales lehendakariak lotunea non kokatuko den erabakitzeke dagoela esan bazuen ere, gaur Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak ziurtatu du Gasteizko Exekutiboak Ezkio-Itsasoko aukera hobesten duela eta "jarrera finkatuta" duela. "Pozik" agertu da, bere hitzetan, "hau herri azpiegitura bat" delako eta "funtzionalitate ikuspegitik" aukera onena Gipuzkoakoa delako.

"Euskal erakundeok, jakinda gure herriarentzat estrategikoa den azpiegitura bat dela, erabakimena eta erabakitzeko eskumena dugu", esan du.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren eledunak, baina, bestelako interpretazio bat egin du Gobernu Kontseiluaren ostean egin duen agerraldian. Pradalesen hitzak berretsi ditu eta argi esan du oraindik ez dagoela ezer erabakita. Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioaren "informazio eta txosten tekniko guztiak" izateko zain daudela azaldu du. "Inbertsio ikaragarria da, urte askotarako azpiegitura bat izango da, eta, erabakia hartzeko, ahal den informazio guztia izan behar dugu", erantsi du.

Lehendakariak egin bezala, Ubarretxenak ere esan du azken erabakia Espainiako Gobernuaren, Nafarroako Foru Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean adostutakoa izango dela. "Ziur nago Euskadirentzat erabaki onena izango dela".

Gai hau, besteak beste, mahai gainean egongo da Pradalesek eta Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak bihar Iruñean egingo duten bileran. Bi agintariok biltzen diren lehen aldia izango da. Horrez gain, finantzaketa ereduaz eta bi erkidegoek 2021ean izenpetutako lankidetza protokoloaz ere hitz egingo dute.

Nafarroako Parlamentuak ezetz esan dio beste bide bati

Nafarroako Parlamentuko Lurralde Kohesiorako Batzordeak atzera bota du EH Bilduk eta Zurekin taldeak aurkeztutako mozioa, Estatuari eskatzeko Iruñea eta Euskal Y-aren arteko tarterako alternatiba bat aztertzeko. UPNk, Geroa Baik, PPk eta Voxek kontra bozkatu dute, eta PSN abstenitu egin da.

Ezkerreko taldeen proposamenak "elkarrizketa-bide bat" ezarri nahi zuen proposamen alternatibo bat lortzeko, "dagoen plataforma ahal bezainbat erabiliz eta hainbat adituk planteatutako ekarpen teknikoak kontuan hartuta".

Gainera, prozesuan parte hartzeko eta udalen eta adituen iradokizunak kontuan hartzeko ere eskatzen zion Nafarroako Gobernuari.

EH Bilduren izenean, Adolfo Araizek aintzat hartu ditu Salvemos Iza-Gulina Bizirik elkartearentzat Juan Carlos Valerio arkitektoak eta Kimetz Munitxa ingeniariak egindako ikerketak. Bi proposamen horien bidez, "kostuak nabarmen merkatzen" dira, eta lurraldean eragin txikiagoa dakar. Gaineratu duenez, "oso zaila da proiektua diseinatuta dagoen bezala gauzatu ahal izatea", eta "guztiek onar dezaketen irtenbide bat bilatzeko" eskatu du.

Zurekin koalizioko Daniel Lopezek azpimarratu du mozioak proposatzen duela Nafarroak bere lurraldeari eragiten dioten erabakietan "pisua eta eragina izatea", proposamen horiek "ministerioaren trazu orokorretik proiektua eta eremua xehetasunez aztertu duten pertsona batzuen trazu zehatzera" igarotzen baitira.

UPNren izenean, Yolanda Ibañezek "barregarritzat" jo du EH Bilduren proposamena; izan ere, "nahi dutena da AHTa ez eraikitzea".

PSNren izenean, Javier Lecumberrik uste du "aurkeztutako txostena oso serioa, ondo planteatua eta oso asmo onekoa" dela, baina "erraz manipulatu daitekeen" gai baten aurrean, abstenitu egin dira, "adostasunera iristeko baliabide guztiak" jartzeko konpromisoa hartuta, hori bai, "proiektua zalantzan jarri gabe".

Geroa Bairen izenean, Pablo Azconak esan du horrelako azpiegitura batek "ikuspegi bateratua" izan behar duela, eta Ezkio-Itsasoko konexioaren alde egin du, "mapari begiratuta, prestaziorik onena" emango duena baita.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena