12:44

Politika

Herri-itunak

Gobernu berriak "formetan" egindako aldaketak, "termino estetikoetan" ez gelditzea espero du Otegik

EITB Media

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak "ekarpen propioak" egiteko prest dagoela adierazi du, bai Osakidetzaren egoera hobetzeko mahaian, baita Pradalesek proposatutako itun etikoan ere.

1:12
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, Imanol Pradales lehendakariak eta Eusko Jaurlaritza berriak "zuzendu" egin dute Osakidetzaren egoera aitortzeko modua, aurreko gobernuarekin alderatuta. Hala ere, bere hitzetan "momentuz aldaketa horiek formetan daude" eta "termino estetikoetan" ez geratzea espero du, "etiko eta politikoetan" baizik.

Naiz Irratian egindako elkarrizketa batean, Otegik adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak "ukatu egin zuela" Osakidetzak arazoak zituenik, eta "konspirazio bat zegoela, EH Bilduk gidatuta, langile mugimenduarekin eta sindikalgintzarekin" eta horrek "itxura txarra" ematen ziola Osakidetzari.

Zentzu horretan, gobernu berriaren "aldaketa" positibotzat jo du eta, "EH Bilduk aspaldidanik planteatu izan duen esparrura etorri" direla baieztatu du; hau da, mahai berean eragile sozial, sindikal eta politikoak biltzea, Osakidetzaren egoerari heltzeko.

Hala ere, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak uste du aldaketa hori oraindik "formetan" dagoela, eta, "garrantzitsutzat" jo duen arren, EH Bilduk egoeraren "mamiari buruz hitz egin" nahi duela esan du. "Egoera honetara eraman gaituzten politika publikoak" ez direla "konponbidea" iritzi dio eta, bere ustez, "pribatizazioa, prekarizazioa, kalitatezko zerbitzu publikoa" eta gisako gaiak jorratzeko eta "osasuna giza eskubidea dela planteatzeko" garaia iritsi dela baieztatu du. "Horri buruz hitz egitera joango gara eta geure ekarpenak egingo ditugu", gaineratu du.

Kurtso politikoaren hasiera ekitaldian lehendakariak proposatu zuen itun etikoaz galdetuta, Otegi "ados" agertu da etikaren inguruko eztabaidarekin. "Termino eraikitzaileetan egiten bada", baliozkoa izan daitekeela uste du.

Hala ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako politikan ez dagoela "Espainiako Estatuan ematen den polarizazioa eta krispazioa" zehaztu du. "Agian Nafarroa Garaian badago horrelako zerbait", esan du, "eskuin eta mutur eskuin espainiarrak eragindakoa, baina hiru probintzietan ez".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena