11:12

Politika

RADIO EUSKADI

Kataluniako itun fiskala EAEko Kontzertu Ekonomikoaren aurka ez erabiltzeko eskatu du Pradalesek

EITB MEDIA

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, EH Bilduri buruz ere mintzatu da lehendakaria. Kontraesanak ikusten ditu osasungintzaren inguruko herri-itunaren inguruan EH Bilduk duen jarreran, eta koalizioaren hitzak eta ekintzak ez datozela bat nabarmendu du.

  • Imanol Pradales, gaur, Radio Euskadin.

    Imanol Pradales, gaur, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Abiatu den urte politikoan zeresana emango duten gaien inguruan mintzatu da luze-zabal Imanol Pradales lehendakaria, goizean, Radio Euskadiko "Bolevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Tartean, ERCk eta PSCk Kataluniarako adostutako finantzazio sistemaren inguruan piztutako polemikaz aritu da, eta adierazi du kataluniarrek euren sistema propioa izatea albiste ona dela. Nolanahi ere, kezka ere agertu du hainbat sektore gaia Euskadiren edota Nafarroaren itun ekonomikoak erasotzeko erabiltzen ari direlako. "Horrek kezkatzen nau", erantsi du. Zentzu horretan, Euskadiko Kontzertu Ekonomikoa errespetzea eskatu du, nabarmenduz "solidarioa" dela.

Bestalde, oposizioari ere zuzendu zaio, bereziki EH Bilduri, oposizio eraikitzailea egin dezala eskatzeko. EH Bilduk osasungintzaren inguruan Eusko Legebiltzarrean jarritako azken ekimenen inguruan galdetuta,  Pradalesek kontraesanak ikusten ditu koalizio abertzalea azken hilabeteotan ematen ari den urratsen inguruan, eta uste du haren hitzak eta ekintzak ez datozela bat. "Alde batetik, hitz batzuk entzun ditugu eta, bestetik, ekintza batzuk ikusi ditugu. Uztailean hitz polit batzuk entzun genituen. EH Bilduk esan zuen oxigenoa eman behar ziola Jaurlaritzari, baina ekintzetan beste jarduera bat ikusi dugu", esan du. 

Zentzu horretan, datorren ostegunean osasunaren inguruko herri-ituna erdiesteko egingo den bilerara jarrera eraikitzailearekin joateko eskatu dio Pradalesek EH Bilduri. "Hemen inportantea da EH Bilduk bere buruari galdetzea eta erantzutea zer nolako oposizioa egin nahi duen legealdi honetan: oposizio eraikitzailea edo suntsitzailea".

1:11

Abiadura Handiko Trena eta azpiegitura hori Nafarroarekin nola lotuko den ere izan du hizpide lehendakariak. Adierazi du erabakia "hiru erakundeek elkarlanean" —Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Foru Gobernuak eta Espainiako Gobernuak— hartu beharko dutela, eta horretarako, "informazio tekniko guztia behar-beharrezkoa" dela gehitu du. "Ezer erabaki aurretik, txosten tekniko guztiak izatea eta aztertzea oso inportantea da. Oraingoz, ez ditugu txosten tekniko guztiak".

Halaber, EAEko foru-ogasunen diru-bilketaz eta datorren urteko aurrekontuaz galdetuta, baikor agertu da. Aurreratu duenez, irailaren amaiera arteko datuak eta aurreikuspen ekonomikoak mahai gainean dituztela bilduko da Euskal Finantzen Kontseilua urriaren 15a baino lehen, eta horren arabera hasiko dira 2025erako aurrekontuaren zirriborroa lantzen eta lehentasunak ezartzen. 

Azkenik, migrazioaren inguruan ere aritu da. Aitortu duenez, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Afrikako hainbat herrialdeetara egindako bisitan egindako adierazpenek "harridura" eragin zioten, "PSOEk bere jarrera aldatu duela" aditzera eman zezaketelako. "Ikusi beharko dugu gaiaren inguruan Kongresuan zein jarrera hartzen duten". Migrazioaren arazoa "egiturazkoa" dela eta "Europako legedia kontuan hartuta" kudeatu behar dela azpimarratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena