13:19

Politika

URTE POLITIKO BERRIA

Lehendakariak asteon abiatuko du bere agenda publikoa, osasun ituna eta kode etikoa lehenetsita

EITB MEDIA

Ostegunean lehen Gobernu Kontseilua zuzenduko du Pradalesek, Donostiako Miramar jauregian. Besteak beste, politikan aritzeko etikako ituna zertan den azalduko die lehendakariak sailburuei, gerora Legebiltzarrera eramateko.

  • Pradales, Lehendakaritzan, artxiboko irudi batean.

    Pradales, Lehendakaritzan, artxiboko irudi batean. Irekia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Imanol Pradales lehendakariak asteon ekingo dio agenda publikoari eta, ostegunean, abuztuko geldialdiaren osteko lehen Gobernu Kontseilua zuzenduko du. Bileran bi gaik hartuko dute protagonismoa: Osakidetza hobetzeko "herri ituna" adosteko elkarrizketak, eta EAEn politikagintzan aritzeko Legebiltzarreko taldeei proposatuko dien kode etikoa.  

Ohitura den bezala, uda ondorengo lehen Kontseilua Donostiako Miramar Jauregian egingo dute. Bertan, lehendakaria zein sailburu guztiak bilduko dira urte berrirako helburuak aztertzeko eta, ondoren, familia argazkia aterako dute, Jauregiko eskaileretan.

Pradalesek uztailean jendaurrean aurreratu zuen itun etikorako planteamenduaren nondik norakoak azalduko dizkie Jaurlaritzako kideei. Akordio horren helburua da, Espainiako politikagintzan ez bezala, Euskadin, muga etiko bat ezartzea ordezkari politikoen artean izan beharreko jarrera eta praktiketan. Sailburuei berri eman ostean, lehendakariaren asmoa da plana Legebiltzarrean aurkeztea, han ere eztabaidagai izan dezaten. 

Jakina denez, urte politiko berriaren beste konpromiso handia Osakidetzaren egoera hobetzea da eta, horretarako, irailaren 5ean bilduko da osasun itunerako mahaia. Batzarra Alberto Martinez Osasun sailburuak deitu du, eta lehendakariak berak ere parte hartuko du lehen hitzordu horretan.

Bestalde, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko agintariekin dagoen hartu-emana indartzeko borondatea ere badu lehendakariak. Hala, aldebiko bilerak hitzartu nahi ditu Maria Chivite Nafarroako presidentearekin eta Iparraldeko zein Akitaniako goi-ordezkariekin. 

Azkenik, lehen gobernu kontseiluaren bezperan, asteazkenean (hilak 28), egingo du UGTrekin zintzilik geratu zen bilera. Agenda arazoak tarteko, batzar hori ezin izan zen uztailean egin (orduan bildu zen Pradales sindikatuekin), eta, esan bezala, asteon burutuko dute azkenean. 

Pradales ekainaren 20an izendatu zuten lehendakari. Uztailean, agenda instituzional zabala izan zuen, alderdi politikoekin, sindikatuekin, patronalarekin eta elkargo profesionalekin bilerak egin zituen, egoera sozioekonomikoa aztertzeko, eta Ajuria Enean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ere hartu zuen. Abuztuan, ordea, ez du ia presentzia mediatikorik izan.

Esan bezala, lehendakariaren zein Jaurlaritza berriaren jardun publikoa asteon berrabiatuko da. Eusko Legebiltzarrean, ordea, iraila amaierara arte ez da espero ohiko jarduna. Ganbera ekainaren 30etik dago geldituta, eta Mahaia hilaren 3an bilduko den arren, XIII. Legegintzaldiko lehen osoko bilkurak 26an (arrunta) eta 27an (kontrolekoa) izango dira.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena